Torturaren Aurkako Mundu Erakundearen azken txostenak auzi horren inguruan hainbat herrialdek duten arrisku maila neurtu du, zenbait irizpideren arabera: konpromiso politikoa, torturaren prebentzioa, inpunitatearen amaiera... Espainiako Estatuari erreferentzia egiten dion dokumentuan «neurrizko» edo «kontuan hartzeko moduko» arriskua antzeman dute horietan guztietan. Halere, beste elementu bat nabarmentzen da, «biktimen eskubideei» dagokiona. Txostenak dio «arrisku handiko» auzia dela; ez dagoelako estatu mailako legerik, sistema judizialak ez duelako egoki erantzuten, frankismoaren biktimei kalte ordainik ematen ez zaielako...
Hego Euskal Herrian, sistema judizialari lotutako arazoak berberak dira, baina egia, justizia eta erreparazioa eskuratzeko beste mekanismo batzuk martxan dira: EAEko 12/2016 legea eta Nafarroako 16/2019 Foru Legea. Horiek ahalbidetu dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ehundik gora torturaren biktima aitortzea.
Torturaren biktimen babeserako eragileek behin eta berriz errepikatu dutenez, baina, bada egitekorik: EAEn aitortza eskaerak egiteko beste epe bat zabaldu behar da, eta horrekin batera, legea aldatu 1999tik aurrerako tortura kasuak aitortzeko, Nafarroan egiten ari diren moduan. Izan ere, Kriminologiaren Euskal Institutuak 2000tik aurrera emandako seiehundik gora kasu baieztatu zituen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Tartean, Iratxe Sorzabalek eta Ixone Fernandezek pairatutakoak.
Gogora Institutuko zuzendari Alberto Alonsok egunkari honetan egindako elkarrizketan zera adierazi zuen horren inguruan: «Legeak parlamentuan egiten dira». Hain zuzen, han egin diete eskaera berbera balorazio batzordeko kideek alderdiei, azkenekoz iazko urrian, eta EAJ, EH Bildu eta PSE-EE afera aztertzeko prest azaldu dira. Lehen urratsa litzateke horretarako batzorde txostengile bat eratzea legebiltzarrean.