Torturaren biktimak oroitzeko egitasmo sorta bat jarri dute abian Nafarroako Mendialdean

Egiari Zor-ek eta Nafarroako Torturatuen Sareak Leitzan aurkeztu dute dinamika, Amparo Arangoaren tortura kasuaren 50. urteurrenean. Erantzukizun publikoak hartzeko eskatu diete erakundeei.

(ID_16006530) (Idoia Zabaleta/@FOKU) 2026-04-21.Leitza
Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor Fundazioak aurkeztu dute ekitaldia, Leitzan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko apirilaren 21a
19:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Txikitua utzi zuten guardia zibilek: ubelduraz betea, izterrak hanpatuta, ile xerloak burutik jausten zitzaizkiola... Ikaragarria». Hitz horiekin azaldu zion Javier Iabenek BERRIAri nola topatu zuen Amparo Arangoa ospitalean. Gaur 50 urte bete dira Arangoa Leitzako (Nafarroa) Sarrio paper lantegian atxilotu, Guardia Zibilaren Tolosako kuartelera (Gipuzkoa) eraman eta bortizki torturatu zutenetik.

Arangoa Hego Euskal Herrian erregistratutako milaka tortura kasuetako bat da, baina Iabenek ospitalean atera zizkion argazkiek aukera eman zuten errealitate hori gizarteratzeko. Zeruko Argia aldizkarian argitaratu zituzten irudi haiek, eta handik nazioarteko zenbait hedabidetara egin zuten jauzi. «Amparok begiak zabaldu zizkien hori ukatzen zutenei, bere gorputzaren erakustaldi ausart harekin. Horrela bilakatu zen Amparo torturaren aurkako sinbolo», adierazi dute gaur Egiari Zor-ek eta Nafarroako Torturatuen Sareak haren herrian, Leitzan.

Urteurrenaren harira, bi eragile horiek Nafarroako Mendialdean emandako tortura kasuak azaleratzeko dinamika bat aurkeztu dute. Xedea da «azken hamarkadetako inpunitatea amaitzea» eta «torturaren errealitatea argitara ateratzea», eta horretarako hiru jarduera antolatu dituzte maiatzerako.

Lehena Larraungo Gabari Gune Irekian egingo dute, maiatzaren 15ean. Han, Arg(h)itzen dokumentalaren emanaldi bat izango da. Hilaren 22an, berriz, Leitzako udaletxean solasaldi bat egingo dute Amaia Izko abokatuak eta Iñaki Egaña historialariak, Tortura: begirada historiko eta judiziala izenburupean. Azkenik, maiatzaren 31n, Leitzako Herri Aretoan, aitortza ekitaldi bat egingo dute. Horretarako, Minek ez gaitzatela lotu, jarrai dezagun hegan leloa baliatuko dute.

Antolatutako ekimenen kartela. EGIARI ZOR
Antolatutako egitasmoen kartela. EGIARI ZOR

Arangoa Nafarroako Gobernuak torturaren biktima gisa aitortutako Mendialdeko bi herritarretako bat da; bestea Jose Maria Aleman da. Halere, Egiari Zor-ek eta Nafarroako Torturatuen Sareak gogoratu dute 50 kasu baino gehiago dituztela erregistratuak: «Leitza, Larraun, Lekunberri, Goizueta, Araitz, Betelu eta Aresoko herritar ugariren giza eskubideak larriki urratuak izan dira Espainiako Estatuko segurtasun indarrek eragindako torturen ondorioz». Hain zuzen, dinamikaren bidez azaleratu nahi dute horiek guztiek egiarako, justiziarako, erreparaziorako eta ez errepikatzeko bermerako eskubidea dutela.

«Sistematikoa» izan da

Herritarrei soilik ez, erakunde publikoei ere bidali diete mezu bat. Urrats gehiago eskatu dizkiete, aitortza indibidualez gain, «Espainian sistematikoki» torturatu dela aitortzeko: «Garrantzitsua iruditzen zaigu errealitate hau gizarteratzea, gizarte eta memoria demokratikoaren eraikuntzan beharrezkoa delako Espainiako Estatuko indar polizialek egindakoak argitara ateratzea».

Hala, bi eragileek «aitortza eta erreparaziorako mekanismo ofizialak» eskatu dituzte, argudiatuta horiek «oinarrizko abiapuntua» direla bizikidetza demokratiko bat eraikitzeko. Uste dute ezinbestekoa dela pausoak ematea argitzeko zergatik torturatu zituzten herritar horiek, nork agindu zuen «metodo krudel horiek» erabiltzea, eta nork eman zuen horretarako bidea. Finean, aldarrikatu dute «erantzukizun publikoak hartzeko» garaia dela, inpunitatea amaitzeko. «Aitortzarako garaia da, aitortza politiko eta sozialerako garaia», nabarmendu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA