Torturaren Aurkako Egunean, Euskal Herriko Torturatuen Sareak bere nahia azaldu du milaka euskal herritarrek pairatutako praktika «sistematiko» hori azaleratzen jarraitzeko. Hala, dei egin die torturatu guztiei bihar sareak Eibarren (Gipuzkoa) egingo duen batzarrean parte hartzera: «Elkargune bat izan dadin nahi dugu, torturaren aitortzaren bidean modu kolektiboan lanean jarraitzeko, eta gure konpromisoa berresteko: estatuko segurtasun indarren eskuetan pairatutako guztia ez dela ahanzturaren zakuan eroriko».
Gaur 45 urte dira Joxe Arregi Carabanchelgo espetxean (Madril) hil zela, Espainiako Poliziak eragindako torturen eraginez. Eta urteurren horren karietara, aspaldian Torturaren Aurkako Eguna da otsailaren 13a. Hain zuzen, iaz, urteurren hori baliatu zuen Euskal Herriko Torturatuen Sareak bere burua gizarteari aurkeztu eta instituzio publikoei aurrerapausoak exijitzeko.
Donostiako Kursaalean egin zuten aurkezpen ofiziala, eta torturak jasandako 900 euskal herritar inguru elkartu ziren han; Kriminologiaren Euskal Institutuak euskal erakundeentzat egindako zenbaketen arabera, gutxienez 5.379 dira praktika horren biktimak Euskal Herrian, 1960 eta 2014 bitartean. Xedea argi zuten, torturak pairatuta herritarrak elkartzea, «milaka aurpegiren, milaka ahots isilarazi eta ukaturen bozgorailu izateko».
Igaro da urtebete sareak lanari ekin zionetik, eta lehen urteurrenean, berriz ere «ahotsa altxatu» eta batzar orokor bat egingo du Eibarko Ingeniaritza Eskolan. Hartan, sarearen bidea eta aurrera begirako asmoak jorratuko dituzte. Halere, plazaratutako oharrean berretsi dute «aitortza kolektiboan fase berri bat» abiatzeko asmoari eusten diotela, eta «subjektu aktibo» izan nahi dutela errealitate hori jendarteari helarazterakoan.
Sareak gogoratu du tortura «sistematikoa» izan dela, «frankismoaren garai ilunenetik hasi eta kasik gaurdaino», eta hori aitortu beharreko zerbait dela. Hain zuzen, eta azken urteetan euskal erakundeetatik urrats esanguratsuak egin badira ere, gogoratu dute «errealitate lazgarri» hori ez dela osotasunean aitortu oraindik.
Hain zuzen, Kriminologiaren Euskal Institutuaren txostenetan 5.000 kasutik gora ageri badira ere, nabarmen gutxiago dira Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren balorazio batzordeen partetik biktima izaera eta aitortza ofiziala jaso dituztenak. Eusko Jaurlaritzari dagokionez, legean ezarritako mugak direla medio, biktimen eskubideen aldeko eragileek eta balorazio batzordeak berak eskatu izan dute 1999tik aurrerako kasuak lantzeko bidea ireki behar dela, eta aitortza eskaerak egiteko epea berriz ireki.