Trafiko handiko egunetan Irunen ibilgailuak ez pilatzeko neurri sorta bat onetsi dute

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko ordezkariek Irungo Udalak egindako proposamen bat onartu dute gaur, Oiartzunen egin duten bilera batean; berehalakoan jarriko dituzte indarrean.

Auto ilarak Lapurdira bidean, gaur. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Auto ilarak Lapurdira bidean, gaur. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
arantxa iraola
2026ko abuztuaren 20a
18:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lapurdira bidean zirkulazioa handia izaten da zenbaitetan, AP-8 autobidean auto ilara luzeak sortzen dira, eta Irun (Gipuzkoa) ibilgailuz betetzen da halakoetan. Gaur bertan, arratsaldeko zortzietan, hamar kilometroko auto ilarak zeuden, Baionarako noranzkoan, eta hamahiru kilometrorainokoak izatera ailegatu dira arratsean zehar. Horrek sortzen dituen arazoak eragozteko lagungarria izango delakoan, Irungo Udalak proposatutako neurri sorta bat onartu du gaur Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Berehala jarriko dituzte indarrean, auto ilarak-eta sortzen direnean aktibatu ahal izateko. Egunotan, adibidez, ilara luzeak izan dira.

Bilera bat egin dute gaur Oiartzunen —Ertzaintzaren egoitzan—, udalerrien proposamenaz Ertzaintzak eginiko azterketa teknikoa azaltzeko, eta hortxe lortu dute neurrien gaineko akordioa. Neurriak ezinbestekoak direla gogoratu du bertan Irungo alkate Cristina Labordak. Erakunde arteko koordinazio ona ere beharko dela esan du alkateak; esplikatu du, esaterako, Oiartzungo udaltzainek zenbait neurri hartu beharko dituztela. Errenteriako polizia etxeko ertzainak ere izan dira bileran. 

AP-8an sortutako auto pilaketak saiheste aldera, Oiartzundik Irunerako bidea hartzen dute askotan auto gidariek, landa auzoetatik, eta, ondorioz, bide horretan ere auto pilaketak sortzen dira. Halakorik ez gertatzeko, besteak beste zenbat ibilgailu sartzen diren kontrolatzeko eskatu du Irungo Udalak. Irunen bertan, halaber, udaltzainek kontrolak ezarriko dituzte udalerriko sarbideetan. 

Bere aldetik, Jaurlaritzak azaldu du «neurririk eraginkorrena» litzatekeela «Biriatuko muga arintzea, ordainlekuko hamar kabinen hesiak irekitzeko denbora murriztuz, eta Frantziako agintariek Behobian eta Santiago zubian dituzten immigrazio kontrolak malgutuz». Horregatik erabaki dute eskaera hori berriro egitea Frantziako agintariei.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA