Trebiñuko auzia desblokeatzeko beste urrats bat egingo du enklabea Araban integratzeko mahaiak: plataformak sinadura bilketa bat hasiko du enklabeko herritarren artean, Trebiñu administratiboki Araba izateko eskariak ahalik eta babesik zabalena izan dezan.
Ikusi gehiago
Lau alderdik osatzen dute mahaia: Trebiñuko Konderriko Talde Independenteak, EH Bilduk, EAJk eta TDDk. Joan den urteko ekainean abiatu zuten ekinaldia, enklabea Araban integratzeko bide berri bat zabaltzeko asmoz, eta ordutik hainbat administrazio batzarren babesa jaso dute. Azken hilabeteetan egindako lanaren ondoren, guztira 35 auzo batzarrek atxikimendua adierazi diote integrazioaren aldeko proposamenari.
Orain, prozesuaren bigarren fasea hasiko da, eta herritarren parte hartzea bilatuko dute. Horretarako, Trebiñun bizi direnen artean sinadurak bilduko dituzte, etxez etxe. Herritarrek idazki bat jasoko dute buzoian; bertan ekimenaren azalpena eta sinadura orria egongo dira, eta sinadurak non entregatu ditzaketen zehaztuko da.
Plataformaren helburua da sinadura bilketaren bidez enklabeko biztanleen babesa jasotzea. Antolatzaileen arabera, herritar askok arabartzat daukate euren burua, eta sentimendu hori modu argian erakutsi nahi dute orain ekinbidearen bitartez.
bat egin duten herri batzarren zerrenda
Herri batzar hauek batu dira ekimenera: Agilu, Albaita, Añastro, Araiko, Arana, Argote, Armentia, Arrieta, Askartza, Baxauri, Billa Tobera, Burgeta, Bustu, Doroñu, Franku, Fuidio, Golernio, Grandival, Imiruri, Lañu, Mesantza, Moraza, Moskator, Obekuri, Ozilla-Ladrera, Pangua, Samiano, San Martin Galbarin, Sanmartinzar, San Vicentejo, Saratsu, Saseta, Trebiñu, Argantzon eta Billa Oka.