PPk izan ezik, Trebiñu Konderrian eta Argantzon (Araba) inguruan ordezkaritza duten alderdi guztiek bat egin dute jada Trebiñuko enklabea Araban integratzeko mahaiarekin. Mahaian sartzen azkena TDD Trebiñu Egunez Egun izan da, egun Trebiñuko Konderriko alkatetza duen taldea.
Erlazionatuta
Horrela, lau alderdik osatzen dute orain mahaia: Agrupacion Independiente Condado de Treviño, EH Bildu, EAJ eta TDDk. Egitasmo hori ekainean jarri zen martxan, enklabea Araban integratzeko bide berri bat zabaltzeko asmoz. Orduan, EH Bilduk, EAJk eta independenteetako zenbait zinegotzik osatu zuten hasierako taldea, eta bigarren bilera egin berri dute orain.
Bilera horretan TDDko ordezkarien parte hartzea berretsi da. Alfredo Perea Ortiz de Jokano alkatea eta Susana Olalde Fernandez zinegotzia izango dira talde horren ahotsa mahai berrian. Etorkizun hurbilean, gainera, enklabeko herritarrak informatzeko kanpaina jarriko dute martxan: liburuxka bat banatuko dute etxe guztietako postontzietan, integrazioaren aldeko arrazoiak azaltzeko.
Horrez gain, integraziorako mahaia San Formerio jaian ere izango da, irailaren 20an, Trebiñuko Konderriko zaindariaren omenez ospatzen den jaian. Mahaiko araudiek ezartzen duten bezala, lehendakaritza txandakakoa da; abendura arte EH Bilduko Ritxar Astegietak hartuko du.