Subflubialari Ez plataformako kidea

Hodei Rodriguez: «Trenarena erabat baztertu zuten; zuriketa berde hutsa izan zen»

Rodriguezen aburuz, garraio publiko faltagatik kolapsatzen dira Bilbo inguruko errepideak. Hala ere, hori konpontzeko errepide gehiago eraikitzeak ondorio «tragikoak» izango dituela uste du.

Hodei Rodriguez, pasa den astean, Leioako Artaza parkean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Hodei Rodriguez, pasa den astean, Leioako Artaza parkean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
inaut matauko rada
LEIOA-GETXO
2025eko urriaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Inguru lasaia da Artaza-Romoko institutua dagoen tokia. Getxo eta Leioa arteko mugan dago, Bizkaian, eta inguruko ehunka ikasleren eguneroko bigarren etxea da. Egun eguzkitsu batean jaso du Hodei Rodriguezek (Getxo, 1994) BERRIA, institutuaren pareko kafetegian; bizikletaz iritsi da, laneko atseden tarte batean, eta bertako ikasleen lasaitasun hori zapuztuko duen Lamiakoko ibai azpiko errepidearen zuloa non egingo duten azaltzen hasi da berehala. Izan ere, proiektu horren aurkako Subflubialari Ez plataformako kide da Rodriguez, eta garbi du auto pribatuaren erabilera are gehiago bultzatuko duela ibaiaren azpiko autobideak, non eta garraio publikoz mugitzeko arazo handiak dituen leku batean.

Zer fasetan dago orain proiektua?

Diputazioak proiektua onartu zuen, eta proiektuaren lau parteetako bat egiteko lehiaketara aurkeztu dira jada enpresak.

Lehen partean zer egin nahi dute, zehazki?

Hemengo zuloa [Artaza parkea seinalatuz]. Tunela hemen hasi, eta Ezkerraldean amaituko da. Adierazi dute udaberrian hasi nahi dutela lanekin, eta badirudi azeleragailua sakatu dutela, abuztuan ireki baitzuten enpresak lehiaketara aurkezteko epea, eta hori oso arraroa da, abuztuan normalean geldialdia egoten baita.

Zergatik, zuen ustez?

Iruditzen zaigu diputazioak interes handia duela hori azkartzeko, tartean hainbat irregulartasun izan baitira onarpen prozesuan. Adibidez, Uraren Euskal Agentziak oraindik irekita zeukan alegazioak aurkezteko epea proiektua aurkeztu zutenean. Eta hori oso gauza arraroa da, eta horregatik uste dugu dena azkartu nahi dutela.

Urdaibaiko Guggenheim ere zeresan handia sortzen ari da ingurumen inpaktuagatik, baina horren bideragarritasuna ezbaian jartzen ari da Foru Aldundia; zer gertatzen da ibai azpiko errepidearekin?

Proiektu honekin aurrera doaz. Egia da gobernuaren barruan bertan zalantzak daudela; PSE-EEk, adibidez, adierazpen adierazgarri batzuk egin izan ditu. Getxoko PSE-EEk prentsa ohar bat bidali zuen, eta adierazi udalak ez zuela alegaziorik aurkeztu proiektuaren kontra, nahiz eta lanek kalte larria egingo dioten institutuari. Proiektua aurkeztu zutenean ere inguruko alkate guztiak egon ziren bertan, Portugaletekoa izan ezik, PSE-EEkoa. Hala ere, aurrera doa, oposizio guztia aurka egon arren.

«Eusko Jaurlaritzatik esan diete aire girotua jarriko dutela institutuan. Zergatik? Ezingo dituztelako leihoak ireki»

 

Zer kalte jasango du institutuak?

Patioaren zati handi bat ezingo dute erabili, obretarako beharko dutelako, eta ondoan berrogei metroko zulo bat egingo diete. Gainera, lehergailuak erabiliko dituzte zuloa egiteko; hasierako txostenean baztertu egin zuten lehergailuak erabiltzea, baina metodo hori onartu zuten azkenean, proiektua azkartzeko. Zarata egongo da, lur pilaketak, eta lanen garai gorenean 48 kamioi pasatuko dira bertatik orduero. Eusko Jaurlaritzatik esan diete aire girotua jarriko dutela institutuan. Zergatik? Ezingo dituztelako leihoak ireki. Horregatik uste dugu institutuak jasango dituela kalterik larrienak; matrikulazioetan beherakada handia egongo dela aurreikusten dute.

Parkeak ere kalteak jasango ditu, ezta?

Gutxi gorabehera parkearen heren bat hartuko du tunelak, eta kalkulatu dugu laurogei eta ehun zuhaitz artean moztu beharko dituztela.

Nolakoa izan da alegazioak aurkezteko fasea? Entzun al dute kaltetuen hitza?

Iruditzen zaigu ezetz; oso garbi dute proiektuarekin aurrera egin nahi dutela, eta berdin die horrek zer ondorio izango dituen. Artazako institutua izango da kaltetuena, eta deigarria da Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, institutuaren arduradun nagusia denak, ez duela inolako alegaziorik aurkeztu.

Proiektuaren funtsa zein da, Ibaizabal zeharkatzen duen zubiko trafikoa murriztea?

Bai; Errontegiko zubia 1980ko hamarkadan egin zuten, eta egia da guztiz kolapsatuta dagoela. Egunean 130.000 ibilgailu inguru pasatzen dira bertatik, eta EAEn trafiko handiena duen errepidea da. Leioa zeharkatzen duen errepidea ere goraino egoten da askotan. Eta gu bat gatoz diagnostikoarekin; hau da, onartzen dugu errepide horiek erabat kolapsatuta daudela, baina horri aurre egiteko garraio publikoa sustatu behar da. 1960ko hamarkadatik demostratuta dago errepide berri bat egiten duzun bakoitzean trafikoa handitu egiten dela. Eta hori hemen ikusten dugu: 1990eko hamarkadatik autobideak eraiki dituzte etengabe, horrela trafikoa murriztuko zutelakoan, baina autobide berriak ere kolapsatu egiten dira, eta gehiago egin behar dira.

«Onartzen dugu errepide horiek erabat kolapsatuta daudela, baina horri aurre egiteko garraio publikoa sustatu behar da»

 

Ibai azpiko errepidea horren adibide da?

Bai, bide horretatik doa. Ingurumen inpaktuari buruzko txostenean bertan onartu zuten proiektuak milaka auto gehiago ipiniko dituela zirkulazioan, eta aurreikusten da 2045era bitartean ingurune honetan %33 handituko duela trafikoa. Eta hori guretzat guztiz tragikoa da, garraioa baita EAEn berotegi efektuko gas gehien isurtzen dituena.

Zergatik handitu da trafikoa inguruan azken urteetan?

Biztanleria gutxi handitu den arren, trafikoak asko egin du gora Bizkaia osoan, eta hori garraio eta hirigintza politikengatik gertatu da. Uribe Kostan gero eta jende gehiago bizi da, baina ez dago lanik, eta jende gehienak mugitu egin behar du. Beraz, beste garraio politika bat behar dugu, baina baita beste hirigintza eredu bat ere, jendeak lana bere etxetik gertuago izan dezan.

Eskualdeka ba al da daturik?

Uribe Kostatik edo Ezkerraldetik Bilbora doan jendearen erdiek gutxi gorabehera garraio publikoa erabiltzen dute horretarako. Baina Eskuinaldetik eta Ezkerraldetik Txorierrira doazenen %6k soilik erabiltzen du garraio publikoa, eta horrek kolapsatzen ditu errepideak; beraz, tarte handia dago hor hobetzeko.

Trena jarriko zutela ere esan zuten. Azkenean ez dute jarriko, ezta?

Trenarena erabat baztertu zuten; zuriketa berde hutsa izan zen. Hori egin zuten Europako Inbertsio Bankuaren mailegua lortzeko, baina aldundiak esan zuen berak ez duela hori egingo, eta Eusko Jaurlaritzak egin dezala, nahi badu. Baina Jaurlaritzak ez du aldundiaren baimenik behar hori egiteko. Marketin prozesu hutsa izan zen, proiektua hobeto saltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.