Tren azpiegiturak izan ditu hizpide gaur Maribel Vaquerok, Tolosan (Gipuzkoa). EAJren Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuaren ustez, «Estatuak Euskadi abandonaturik utzi du». Hala, aldiriko zerbitzuak zein inbertsio handiak egiterakoan «autogobernu gehiago izatea» aldarrikatu du.
Vaquerok kritikatu du berdin diola nor dagoen Espainiako Gobernuan azpiegituren arloan. Nahiz eta EAJk hainbat akordio egin dituen tren inbertsioei buruz, Vaquerok deitoratu du gero atzeratu egiten direla etenik gabe. «Inbertsioak ez dira iristen behar den irmotasunarekin».
Horri gehitu dio abiadura handiko tren sarea «ikuspegi zentralista baten arabera» antolatu dela: «Madrilen eta Madrilentzat diseinaturiko sarea lehenetsi da, eta Atlantikoko Korridoreko ardatz estrategikoa ez da batere garatu». Vaqueroren arabera, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoa tren konexio lehiakorrak behar dituzte, «peninsula Europarekin lotzeko iparraldeko atea baita».
Aldiriko tren zerbitzuari ere erreparatu dio, bere ustez Brinkola eta Irun arteko trenbidea utzia baitago. «Geltokiak zaharkiturik dira, sarbideak errazteko promes ugari egin dira, eta mantentze lanik ez da egin», deitoratu du.
Tolosako geltokitik mintzatu da horregatik. Euskotrenen zerbitzuarekin alderatu du egoera hori. «Euskadik kudeatzen duenean, Euskadi aurrera doa», azpimarratu du. Horregatik erabakitzeko ahalmen gehiago izatea aldarrikatu du. «Inbertsio oro, eskumen oro, bete gabeko konpromiso oro erreklamatzen jarraituko dugu».
Arratsaldean, Vaquerok berak eta Aitor Esteban EAJren EBBko lehendakariak hitz egingo dute Euskal Selekzioaren eta Venezuelaren arteko partidaren aurretik, Bilboko Ingenieritza Eskolaren parean.