Elkartasun eta aldarrikapen olatu handia izan da Donostian, Gure Esku dinamikak antolatutako manifestazioan. Erreferenduma ez da delitua. Askatasuna. Defenda dezagun gure erabakitzeko eskubidea izan du leloa, eta Kataluniako prozesu independentistaren aurkako zigor epaia dela-eta antolatu du martxa Gure Esku-k. Berriro erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria egiteko ere baliatu du. “Euskal eta katalan etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki ahal izatea aintzat hartuko duen konponbide demokratikoa”, esan du. Borondatea “argi adierazteko eta gauzatzeko” mekanismoak eskatu ditu.
Milaka eta milaka lagun bildu dira manifestazioan —lehenak Maria Cristina parean ziren bitartean, azkenak Antiguako tuneletik irteten ari ziren oraindik—. Donostian izan dira EAJtik Joseba Egibar eta Andoni Ortuzar; Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea; Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Eneko Goia Donostiako alkatea; EH Bildutik Maddalen Iriarte EAEko legebiltzarkidea eta Mertxe Aizpurua diputatua; EAtik Carlos Garaikoetxea eta Maiorga Ramirez; Ahal Dugu-tik Lander Martinez; Sortuko Arkaitz Rodriguez eta Rafa Diez; Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia eta Garbiñe Aranburu LABekoa. Manifestazioburua, berriz, pankartarekin Fermi Rubiralta, Fermin Muguruza, Anari, Bel Pozueta, Xabier Euzkitze eta Jule Goikoetxea, besteak beste.
Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Esku-ko eledunek eman dute dinamikaren mezua, hitzaldian txandaka arituz. "Burujabe izan, erabakitzeko" aldarrikatu dute, eta "erabaki, libre izateko" erantsi. Aitortu dute "ziurgabetasun garaiak" direla hauek, baina eskatu dute "baikortasunez eta beldurrik gabe" aurre egiteko. "Ezer ez denean segurua, guztia da posible". Eta herritarron garaia da, dinamikaren iritzian. "Ahalduntzeko garaia. Ekintza kolektiboak jendea ahaltsu bilakatzen duelako, zailtasunak eta harresiak gainditzeko gai izan arte. (…) Batzuetan ematen du iluntasuna nagusi dela. Baina ez, beti dago itxaropena, izan gaitezen itxaropenaren militanteak. Bidea ikusteko argitasuna egon badago. Mugi gaitezen!".
"Gainera", Gure Esku-ren ustez, "hiru helduleku" daude aurrerabiderako: eskubideak; "herri honen" erabakitzeko eta eraikitzeko gaitasuna; eta herritarrek duten sormen eta amets egiteko gaitasuna.
Katalan ordezkari independentisten aurkako “estatu epaia” salatu dute hitzaldiaren hasietatik. "100 urteko espetxe zigorra jarri dizuete; funtsean, oinarrizko eskubideak erabiltzeagatik eta katalan guztiei estatus politikoari buruz bozkatzeko aukera emateagatik. A zer bidegabekeria! Honek zerikusi gutxi du justiziarekin".
Kataluniakoa "auzi politikoa" dela esan du Gure Esku-k, baina Espainiako Estatuak "muinari elkarrizketaren bidez" ekin beharrean, zigorra eta "errepresioa" erabiltzen dituela. "Hori ez da bidea! Bidea elkarrizketa da, begirunea, demokrazian sakontzea, herritarren hitza entzutea. Demokraziaren oinarrien kontra egiteko prest daude. Epai honek benetako krisi demokratikoa ekarri du".
"Kriminalizazioa"
Erabakitzeko eskubidearen aldeko euskal dinamikak uste du mobilizazio sozialaren, protesta masiboaren, "disidentzia politikoaren", desobedientzia zibilaren eta autodeterminazio eta erabakitzeko eskubideen aurkako "kriminalizazioari" heldu diola, "aurrekaririk gabekoa". "Onartezina da, geratu egin behar da kriminalizazio hau, geratu egin behar da inboluzio hau". Altsasuko auzia ere gogoratu du, bide batez, han ere Madrilek jokabide berarekin erantzun duela esanda.
Eskoziaren prozesuan Erresuma Batuak daukan jarrerarekin alderatu du Espainiako Estatukoa. Hala, adierazi du Eskozian "legezkoa eta nazioarteko komunitateak aitortua" izango den erreferendum berri bat prestatzen ari diren bitartean, "Europa hegoaldean" erreferendum baten antolaketa sedizio delitutzat hartzen ari direla. "Ez da posible".
Estatus politiko-juridikoa erabakitzeko ez ezik, eskubideak "gizarte justuagoa eraikitzeko, askoz berdinzaleagoa, solidarioagoa, pobreziarik gabe, prekaritaterik gabe, bazterketarik gabe eta feminizidiorik gabe" izateko ere erabili behar dela esan du Gure Esku-k. "Oinarrizko eskubideen defentsa ezinbesteko iparrotza da garai hauetarako".
Lluis Llach katalan abeslaria ere izan da martxan. Hasieran hitz egin du, eta Espainiak epaiarekin eskubide politikoen kontra egin duela salatu du. Manifestazio baketsu handiak izan direla, eta haien ondoren Poliziaren probokazioak gertatu direla deitoratu du. Eta azpimarratu du independentismoa beti "mugimendu baketsua" izan dela. Manifestazioaren amaieran L'Estaca abestu du, une erabat hunkigarrian.
Joxan Artzeren poema bat leitu du Etxaburuk: "Batek goserikan diraueno ez gara gu asetuko, beste bat loturik deino ez gara libre izango". Eta ondoren esan du, katalan preso zigortu berriei mezua zuzenduz: "Zuek preso iraun bitartean, gu ez gara libre izango".