Tubos Reunidosen egoitzak miatu ditu Guardia Zibilak, 'Leire auziaren' harira

Santiago Pedraz epaileak eman du agindua. Enpresak Bilbon duen egoitzaz gain, Amurrioko lantegia ere miatu dute, ustelkeria zantzuen bila.

Guardia zibilak, PSOEren Madrileko egoitzatik ateratako dokumentazioa eskuan, maiatzaren 27an. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Guardia zibilak, PSOEren Madrileko egoitzatik ateratako dokumentazioa eskuan, maiatzaren 27an. RODRIGO JIMENEZ / EFE
gotzon hermosilla
2026ko ekainaren 4a
19:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamar ordu baino gehiago igarota, Guardia Zibilak bukatu du Tubos Reunidos enpresaren egoitzen miaketa. Albiste agentziek goizean jakinarazi dutenez, UCO Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboaren agenteak 08:00 aldera sartu dira Tubos Reunidos enpresaren egoitzak miatzera. Zehazki, enpresak Bilbon duen egoitza eta Amurrioko lantegia (Araba) miatu dituzte: egun osoa iragan dute Bilboko egoitzan, baina ordu erdi bat besterik ez Amurrioko lantegian. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Santiago Pedrazek eman du agindua, Leire auzia izenekoaren inguruko dokumentazioa bilatzeko asmoz.

PSOEko kide ohi Leire Diazen ingurukoa da hedabideek Leire auzia izendatu dutena, eta horren karietara ari dira ikertzen ea PSOEko Antolakuntza idazkari izandako Santos Cerdanek zuzendutako ustelkeria sare bat ba ote dagoen. Maiatzaren 27an, PSOEren egoitza nagusira bidali zituen Pedrazek UCOko guardia zibilak, eta zenbait etxe miatzeko agindu; tartean, Cerdanena.

Albiste agentzien arabera, gaurko miaketaren helburua da zehaztea harremanik ba ote dagoen Tubos Reunidosek jasotako diru laguntzen eta Cerdanek zuzendutako sarearen artean.

EAJko kide baten ustezko bitartekaritza

UCOk txosten batean aipatzen duenez, zantzuak daude 2021ean SEPI Espainiako Industria Partaidetzarako Estatuko Sozietateak Tubos Reunidosi 112,8 milioi euroko mailegua emateko erabakian «esku hartzeren bat» egon zela; zehazki, Hirurok izeneko taldearena —ustez Leire Diezek, Vicente Fernandez SEPIko presidente ohiak eta Antxon Alonso enpresariak osatua—. Antza, Hirurok taldeak, operazio horren truke, 114.950 euro jaso zituen Mediaciones Martinez enpresaren bitartez.

UCOk Tubos Reunidosi emandako laguntza horri buruzko txosten berezi bat osatu du. Horren arabera, SEPIren laguntza blokeatuta zegoela ikusita, Leire Diezek eta Vicente Fernandezek proposatu zieten Santos Cerdani eta Antxon Alonsori laguntza eskatzea. Horrekin lotuta, UCOk susmoa du Hirurok taldeak «EAJko kideren batek» bitartekari lana egin zuela, mailegua lortzen lagunduko zuelakoan. Txostenean, baina, ez du argitzen ez kide hori nor den, ez zein izan zen haren ustezko parte hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE