Orain artekoak nahikoa ez, eta PSOEk beste fronte bati aurre egin beharko dio auzitegietan. Izan ere Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak eta Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak hala eskatuta, UCO Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboaren agenteak PSOEren egoitza nagusira joan dira gaur, Madrilgo Ferraz kalekora. Espainiako zenbait hedabidek Pedrazen autoa aipatuz kaleratu dutenez, «gobernuari edo alderdiari eragin ziezaioketen prozedura judizialak ezegonkortzeko trama batekin» lotutako dokumentazioa eskatzera jo dute hara guardia zibilek. Horrenbestez, Pedrazek bultzada bat eman dio Leire auziaren ikerketari. Hedabideek autoan jasotako pasarte batzuk argitaratu dituzte, eta ondoriozta daiteke Pedrazen tesia dela PSOEk Leire Diaz alderdiko militante ohiari ordaindu ziola fiskalen eta poliziek aurkako maniobrak egin zitzan. Horiek horrela, PSOEk, hortaz, beste kolpe bat hartu du.
Santos Cerdan PSOEren Antolakuntza idazkariaren ohiaren (2021-2025), Javier Perez Dolset enpresariaren, eta Gaspar Zarrias Nazioarteko Lankidetzarako Estatu idazkari ohiaren (2009-2011) etxeak ere miatu dituzte. Ondoren iritsi da berria: auzi horretan, Pedraz magistratuak ikerketapean jarri ditu hiru horiek eta Ana Maria Fuentes alderdiaren gerentea.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Erroman zegoen gaur goizean, bidaia ofizialean. Leon XIV.a aita santuarekin batzartu da han, eta agerraldia egin du gero. Nabarmendu du justizia instantziekin lankidetzan arituko dela, eta «irregulartasun gehiago» baldin badaude PSOEk «irmo» jokatuko duela; Sanchezen arabera, beste batzuetan egin bezala. Aditzera eman nahi zuen, esaterako, Cerdan eta haren aurrekoa, Jose Luis Abalos (2017-2021), alderditik kaleratu zituztela iazko ekainean, UCOk haien jarduera irregularren berri ematen zuen txosten bat kaleratu ondoren.
Lehengo asteartean Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuko presidente ohia (2004-2012) ustelkeriagatik inputatu zutenetik, aurrenekoz erantzun die Espainiako presidenteak kazetarien galderei, eta prentsaurrekoa baliatu du Zapatero berriro babesteko, joan den asteazkenean Espainiako Kongresuan egindako gobernuaren kontrol saioan egin bezala. Esan du autoa irakurri duela, sumario «zabalaren» berri eduki duela hedabideen bidez, eta Kongresuan esandakoari eusten diola: «Ez dago nahikoa motiborik iritziz aldatzeko». Bide batez, hauteskundeak aurreratzea baztertu du berriro.
Zapateroren auzia digeritzeko ia astirik eduki gabe, kalte egingo dion beste auzi bat dauka parean PSOEk. Hala, joan den abenduaren 10ean, Auzitegi Nazionaleko epaile Antonio Piñaren aginduz, Leire Diaz eta Vicente Fernandez SEPI Industria Partaidetzarako Estatu Sozietateko presidente ohia atxilotu zituen Guardia Zibilak —hiru egun geroago aske utzi zituen, kautelazko neurriak jarrita—. Hedabide batzuek Diazen audio bat filtratu zuten iazko ekainean, eta entzungai jarri. Horretan esaten zien Perez Dolseti eta Jacobo Teijelo abokatuari, besteak beste, PSOEren «eskuratzailea» zela, eta Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzan «kontaktuak» zituela. Ikerketa lerroaren tesiaren arabera, Cerdanen aginduetara aritzen zen.
Alderdiaren gerente Ana Maria Fuentes ere ikerketapean jarri dute gaurko miaketen eta dokumentu eskaeren ondoren, eta, horren harira, zera esan du Sanchezek Erroman: «Alderdi Sozialistaren kontuak era arduratsuan eraman dituen emakumezko bat da».
Eta gaur gobernuaren kontrol saioa egin dute Espainiako Kongresuan, eta Alberto Nuñez Feijoo PPren presidenteak hori baliatu du gobernuari «ustela» deitzeko, eta 2023ko azaroan Sanchezen inbestidura babestu zuten alderdiei jarrera aldaketa bat eskatzeko. Ione Belarra Podemosen idazkari nagusia SER irrati katean mintzatu da, eta azpimarratu du «ustelkeria susmoek» egoera zailtzen dutela. Sumarren diputatu eta IU Izquierda Unidaren Kongresuko bozeramaile Enrique Santiagok esan du Kongresuko korridoreetan finantzaketa irregularra «marra gorri» bat dela babes horri eusteko orduan.
Zapatero, ekainaren 17an eta 18an
Dokumentazioa eskaerak eta miaketak heldu dira, hain zuzen, Zapatero inputatua izan eta astebetera. Zapatero ekainaren 2an zen Jose Luis Calama Auzitegi Nazionaleko instrukzioko epailearen aurretik igarotzekoa, baina, azkenean, ekainaren 17an eta 18an deklaratuko du; berak hala eskatu du, eta epaileak onartu. Hori kaleratu zuten zenbait hedabidek atzo, iturri judizialak aipatuta.
Deklarazio eguna atzeratzeko Zapateroren abokatu Victor Moreno Catenak egindako eskaeraren dokumentua eskuratu dute hedabide batzuek, eta horretarako argudiatu du, besteak beste, kausa «zabala» dela. Calama epaileak kasuaren autoan presidente ohiari egozten dio «influentzia trafikoko azpiegitura egonkor baten» burua izatea eta legez kanpoko komisioen bidez ia bi milioi euro kobratzea. Zapaterok ukatu egin du egozten diotena.