Izaro Elorza Arregi

«Turismoa behar dugu, baina modu koordinatuan»

Lehendik ere turismoaren fokuan dago Oñati, Arantzazuko santutegiagatik, besteak beste, eta Europak herri turistikorik onenaren saria eman dio orain. «Turismo jasangarria» nahi du Izaro Elorzak.

Izaro Elorza Arregi Oñatiko alkatea. JON URBE / FOKU
unai zubeldia
2023ko urriaren 27a
10:25
Entzun

Europako herri turistikorik onena. Izendapen hori jaso berri du Oñatik, beste 53 herrirekin batera. “Ezustean” jaso du saria Izaro Elorza Oñatiko alkateak (Oñati, 1983), eta “elkarbizitza eta oreka” lehenetsi ditu.

Turismoaren Mundu Erakundeak banatzen duen 2023ko herri turistiko onenaren saria jaso du Oñatik. Nola jaso duzue saria?

Nahikoa ezustean, egia esan. 260 herri zeuden hautagaien artean, eta 54 saritu dituzte; tartean, Oñati. Gure turismo eredua hartu dute aintzat, eta baita gure baliabide eta aukerekin jasangarritasunari eta iraunkortasunari nola erantzuten diogun ere.

Turismo eredu “arduratsu, jasangarri eta irisgarria” defendatu izan duzue beti. Zein dira eredu horren ezaugarri nagusiak?

Elkarbizitza edo oreka bat behar da beti bisitarien eta herriko bizitzaren artean; horretaz ari gara jasangarritasunaz ari garenean. Herrigune historiko bat daukagu Oñatin, kultur ondare artistikodun eraikinekin; ingurumen aldetik, landa gune oso zabala daukagu, aisialdirako, ingurumenaz gozatzeko eta kirola egiteko; gastronomia ere badaukagu… Fokua ez dugu jarri nahi turismo baliabide bakarrean, masifikatzeko arriskua baitago bestela.

Turismoa eta herriko bizitza. Bi punta horiek sar daitezke, beraz, zaku berean?

Sartu egin behar dira zaku berean; hori litzateke ideala. Orekatua, jasangarria eta, neurri batean, mugatua bada, onura dakar turismoak. Hori nahi dugu guk, baina zaindu egin behar dira eragin negatiboak, bitartekoak jarrita. Hala ere, ezberdina da jende oldea egun jakin batean izatea edo egunero izatea.

Oñatik badu oso turistikoa bihurtu den gune bat: Arantzazuko santutegia. Neurriz kanpoko turista oldea edukitzeko arriskua dauka? Eta, hala balitz, zein neurri har litezke?

Garai ezberdinak izan ditugu, eta COVID garaian, adibidez, barneko turismoa zabaldu zenean, egon ziren betekada batzuk. Horrek erakutsi zigun esku hartze batzuk beharko ditugula etorkizunean. Guk ez dugu nahi masifikaziorik, eta kontrolatu egin beharko dira aparkalekuak, gorako eta beherako joan-etorriak… Aske maite ditugun gune naturalak horrelaxe mantentzen saiatu behar dugu. Baina, tokiko turismo ereduaren gainetik, beste erakunde batzuk sartzen dira tartean batzuetan, euren estrategia edukitzen dute… Tarteka, ez da egon izan koordinaziorik erakunde horien eta tokiko interesen artean. Nahi ez ditugun mezuak zabaltzen dira halakoetan, eta arriskutsua da deskoordinazioa.

Aurten, Aste Santuan, %22 handitu da bisitari kopurua Oñatin. Kanadako eta Hego Koreako agentzia batzuek, esaterako, interesa dute euren eskaintzetan Oñati sartzeko, eta Kataluniako agentzia batzuei bisita gidatuak katalanez eskaintzen hasi zarete. Noraino hazi daiteke turismoa?

Turismoa behar dugu, baina modu koordinatuan. Agentzia batzuekin hizketan hasita gaude jada, eta sari honen eraginez beste sare batzuetan mugitzen hasten bagara, izan dadila modu kontrolatuan eta turismo bulegotik muga jarrita. Gune txiki, lasai eta jasangarria bilatzen duenak ez du nahi jendez betetako tokirik, xarma galtzen duelako, eta horregatik bultzatu behar dugu benetan denon gustukoa den turismoa. Elkarlana da bidea. Dena den, modu dibertsifikatuan eginez gero, turista gehiago hartzeko moduan gaudela uste dut.

Aurrez, Lekunberrik ere jaso du Europako sari hori. Aukerarik izan duzue hango arduradunekin hitz egiteko?

Nik neuk oraindik ez, baina hartuko dugu tarte bat, haien esperientziaren berri jakiteko eta sariak eraginik izan ote duen ikusteko. Nik uste dut eragin pixka bat izango duela, baina espero dezagun neurrigabea ez izatea.

Zein da Oñatira bisitan joaten diren turisten soslaia?

Denetik izaten dugu. Helduak edo adinekoak izaten dira asko, bisita gidatuan etortzen direnak. Asteburupasa edo naturarekin lotutako jarduerak egitera ere etortzen dira beste batzuk. Eta Arrikrutzeko kobazulora asko, familian; horiek, normalean, ez dira pasatzen herrigunetik.

Sariak sari eta oihartzunak oihartzun, turismoaren arloan zer bide egin nahiko luke Oñatik etorkizunean?

Turismoa nahi dugu, baina tamainakoa, orekatua, herriari onura ekarriko diona eta elkarbizitza bilatuko duena; batak ezin du bestea zapaldu. Turismoak ezin du baldintzatu herriko bizitza, eta bitarteko batzuk beharko ditugu: aparkalekuen kudeaketa, herribusa… Baliabide batzuk indartu eta hobetu beharko ditugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.