Txinpartak atera dira. Uztailaren hondarrean, Espainiako eta Nafarroako gobernuek adostu zuten larrialdi zerbitzuak plataforma bakar baten bidez kudeatzea eta zerbitzua «polizien artean kudeatzea». EH Bilduk eta Geroa Baik uste dute Foruzaingoak Polizia oso izateko helburuan atzera egin duela. Gaur arratsaldean, haserre, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak irmo ukatu du atzera egin dela: «Ezin dugu galdu gurea ez den eskumen bat». Eta gaineratu du: «Ez dugu eskumenik galdu; irabazi egin dugu: trafikoa itzuli da».
Geroa Baik eskatuta, Foru Araubideko Batzordean izan da Txibite, Inma Jurio Barne kontseilariarekin batera, eta «mugarri historikotzat» jo du bi gobernuen arteko akordioa. Hiru puntu nagusi zituen. Batetik, gehienez 1.200 foruzain izateko egungo muga gainditu dezake eta laurehun foruzain gehiago eduki —250 segurtasun arlorako, eta 150 trafikorako—. Bigarrenik, gaur egun trafikoan aritzen diren guardia zibilak foruzain egiteko baldintzak hitzartu dituzte; azkenik, 112 telefonoan bateratu dira larrialdi deiak, eta polizien deiak koordinatu egingo dira.
Akordioa abuztuaren atarian ezagutarazi zen, eta bazkideak «prentsaren bidez» izan zuten haren berri. Txibitek garrantzia kendu nahi izan dio datari. Esan du Espainiako Barne ministroak eta Nafarroako Gobernuko goi kargudunek «agendak bateratu zituztenean» sinatu zutela.
Nafarroan larrialdi zerbitzuak kudeatzeko plataforma bakarra irailaren hasieratik da martxan. Geolokalizazio bidez, dei egin den tokitik gertuen dagoen Poliziarengana bideratzen da. Txibiteren arabera, herritarrei «zerbitzu eraginkorra eskaintzea» hartu dute helburu. «Lehen asteetako datuek adierazten duten deiari erantzuteko denborak orain artekoen oso antzekoak direla. Herritarrak lasai egon daitezke».
«Nork erabakitzen du zer polizia joango den bertara?», galdetu du Azkonak. Izan ere, akordioak dakar bi gobernuen artean landuko dutela sistema teknologikoa. Txibitek zehaztu dio Tracasa Nafarroako sozietate publikoak diseinatu duela. Geroa Baik erantzun dio PSN amore ematen ari dela. «Gauza bat da poliziak koordinatzea, eta bestea Foruzaingoaren funtzioak urardotzea. Gauza bat da baliabideak partekatzea, eta bestea erabakitzeko ahalmena galtzea».
Marlaskaren xantaia
EH Bilduko Laura Aznali iruditzen zaio «Foruzaingoa polizia administratzaile huts» bihurtu nahi dela. Izan ere, deigarria iruditzen zaio akordioak jasotzea foruzain gehiago izatea eta larrialdietako plataforma bakarra sortzea. «Barne Ministerioaren xantaiari amore eman diozue, baldintza hori jarri baitizue». Ohartarazi du Nafarroak mila biztanleko Europako polizia ratio handienetakoa duela, eta segurtasun indarren kopurua murriztu beharko litzatekeela. «Gainkostu handiak eragiten ditu. Ez da erretorika abertzalea, errealitatea baizik».
UPNko Javier Esparzak ere aipatu dio lau urtean 1.600 foruzain lortzeko helburua ez dela beteko. «Oraintxe 1.050 foruzain inguru daude, eta erretiratutako foruzainak ez dira ordezkatzen. Hanka sartze bat da beteko ez den akordio bat sinatzea».
Amaieran, Txibitek berretsi du gaur egun Nafarroak ez duela Foruzaingoaren eskumen osorik eta orain frankismoak kendutako trafikoaren eskumena berreskuratu dela. «Akordioari esker, laurehun foruzain gehiago izan ditzakegu, eta, bitartean, koordinatu gaitezen ditugun baliabideekin».