Aurrekontuak

Txibitek gutun bat bidali die Navarra Sumari eta EH Bilduri, negoziazioei ekiteko

Nafarroako Gobernuak oraindik ez du aurkeztu 2020ko aurrekontu proiektua, eta PSNk eta haren hiru bazkideek ez dute gehiengorik.

Maria Txibiteko Nafarroako parlamentuko korridoreetan. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2019ko azaroaren 25a
20:17
Entzun

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak asteon hasi nahi ditu 2020ko aurrekontuei buruzko elkarrizketak, eta gutun bana bidali die Navarra Sumari eta EH Bilduri hizketan hasteko. PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak ez dutenez gehiengo osoa Nafarroako Parlamentuan —50 aulkietatik 23 dituzte—, gobernuak Navarra Sumaren edo EH Bilduren babesa edo gutxienez abstentzioa beharko du. Navarra Sumak hogei parlamentari ditu; EH Bilduk, zazpi. Bi taldeok prestasuna agertu dute biltzeko.

Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak eskatu dute gehiengoa EH Bildurekin osatzeko, baina, publikoki, PSNk ez du baztertzen Navarra Suma ekuazioan sartzea. PSNk gobernua osatzeko negoziazioetatik kanpo utzi ostean —hango idazkari nagusia ere bada Txibite—, EH Bilduk bilera bat egin nahi du lehendakariarekin. Hala ere, oraindik ez dute gobernuaren proposamenaren edukiaren berri eman. Aurreproiektua ez du onartu gobernu kontseiluak, eta denbora badoa.

Bi taldeek ontzat jo dute

Jose Suarez Navarra Suma parlamentariak esan du «borondate onenarekin» joango direla Txibiterekin negoziatzera, baina «harrituta» agertu da hark eskua luzatu diolako EH Bilduri ere. «Harritzen gaitu ikusteak gobernuko presidenteak Pedro Sanchezen bestelako ikuspegia duela, hura ez baita EH Bildurekin esertzen». Suarezen arabera, Navarra Sumak asko dauka esateko aurrekontuetan zein zerga arloan, parlamentuko aurreneko indarra eta gizartearen sektore handi baten ordezkari den heinean.

Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentariak azaldu du «gobernuarekin hitz egiteko eta negoziatzeko prestasun osoa» dutela. Haren irudiko, emaitza «oso diferentea» izango da akordioa EH Bildurekin lortzen bada, Navarra Sumarekin lor daitekeenaren aldean. «Beharrezkoa da ezagutzea aurrekontuek zer ildo hartuko duten. Ezkerrera begiratu nahi badu, soilik EH Bildurekin lor dezake akordioa».

Ramon Alzorriz PSNren eledunak txalotu egin du Txibiteren pausoa. «Ona da elkarrizketarako bidea zabaltzea». Uxue Barkosi (Geroa Bai) «zentzuzkoa» iruditu zaio gobernuburuak beste taldeekin hitz egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.