Txibitek iragarri du Nafarroako lehendakarigai izango dela berriro

Txibitek azpimarratu du ustelkeria kasuez gaindi Alderdi Sozialistarengan sinisten duela, eta gaineratu du Nafarroan ez dagoela egungo gobernuaren alternatibarik.

Maria Txibite, gaur, PSNren Lurralde Batzarrean. JESUS DIGES / EFE
Maria Txibite, gaur, PSNren Lurralde Batzarrean. JESUS DIGES / EFE
aitor biain
2026ko maiatzaren 30a
12:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maria Txibitek aginteari eutsi nahi dio. Nafarroako Gobernuko lehendakariak beste lau urtez jarraitu nahi du karguan, eta, horregatik, datorren urteko hauteskundeetan ere hautagai izango dela jakinarazi du gaur. Nafarroako Alderdi Sozialistako idazkari nagusia ere bada Txibite, eta, azken egunetan argitara atera diren ustezko ustelkeria kasuei aipamena eginez, nabarmendu du PSOEn sinesten duela oraindik. «Errugabetasun printzipioa eta justizia», biak errespetatzen dituela azpimarratu du, baina nabarmendu du herritarren alde lanean jarraitu behar dela. Horregatik, datorren urteko hauteskundeetan PSNren zerrendaburu izateko hautagaitza aurkeztuko duela baieztatu die alderdikideei Lurralde Batzordearen bileran. 

«Zalantza egitea lortzen badute, irabazle bat egongo da, eta ez dut onartuko», esan du Txibitek. Baina aitortu du «sumindura, harridura eta tristura» eragin ziola alderdikideei egozten zaizkien ustelkeria kasuen berri izateak. Adierazi duenez, horixe sentitu zuen Cerdan auzia piztu zenean ere. Edonola ere, azpimarratu du PSN indartuta atera dela kasu horietatik. «Gaur egun, Nafarroako Alderdi Sozialista indartsuago dago, are batuago baitago», adierazi du. Horregatik, alderdikideei eskatu die «polarizazioari aurre» egiteko eta erakundeak defendatzeko, halakoetarako garairik aproposena ez dela ematen badu ere.

Izan ere, azpimarratu du Nafarroan ez dagoela bera buru duen egungo gobernuaren alternatibarik, ezta eskuin muturrarekin bat eginda ere. «Proiektu honen buru izaten jarraitu nahi dut, Nafarroarentzat ona dela uste dudalako, gauzak ondo egiten ari garela uste dudalako eta oraindik egiteko asko dugulako», adierazi du Txibitek bere hautagaitzaren berri ematean. Eta iragarri du bozei begirako barne prozesua abiatuko dutela: «Urtebete dugu Nafarroako gizartea konbentzitzeko sozialismoa dela tresnarik onena Nafarroa hobea eraikitzen jarraitzeko».

Gobernuaren balantzea egiteko ere baliatu du agerraldia Txibitek. Bereziki, enplegua, industria, etxebizitza, osasungintza eta hezkuntza gaiei egin die aipamena. Azken horri lotuta, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren kudeaketa goraipatu du, eta eskola publikoa indartzeko lanean jarraituko dutela agindu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA