«Aintzat hartuta zenbat kasu salatu diren, esan dezakegu Poliziaren abusuak eskala handikoak izan zirela eta garai batean baino gehiagotan gertatu zirela: diktadura frankistan, trantsizio demokratikoan eta terrorismoaren aurkako borrokaren garaian». Maria Txibitek, Nafarroako Gobernuko lehendakariak, Poliziaren torturak eta tratu txarrak hizpide izan ditu gaur Nafarroako Parlamentuan. UPNk eskatua zuen haren agerraldia, 16/2019 Foru Legeaz galdetzeko; hots, eskuin muturreko taldeen eta Poliziaren indarkeriaren biktimei aitortza eta ordaina eskaintzen dien legeaz.
Lehendakariak txalotu egin ditu hala legea bera nola «Nafarroako Gobernuak elkarbizitzaren esparruan egiten duen lana, zeinak Estatuko eta Europako erakundeen onespena jaso baitu». Ez du bat egin eskuineko taldeen kritikekin. Izan ere, UPN, PP eta Vox aho batez aritu dira legearen eta haren arrimura sortutako batzordearen kontra.
Esate baterako, Javier Esparza UPNko bozeramaileak esan du batzorde horretan «ia edonori» aitortzen zaiola biktima izaera, eta horretaz arduratzen diren aditu independenteek «ezker abertzalearen diskurtsoa» barneratu dutela. Bereziki larritzat jo du indarkeria polizialari buruzko txostenetan esamolde hauek erabili izana: «Tentsio politiko handiko garaia», «indarkeria politikoa», «segurtasun indarren gehiegizko indarkeria» eta «euskal presoak». Azken horren kontura, zera esan du UPNko buruak, haserre: «Ez dira euskal presoak, terroristak dira! Hizkera hori Gara-n irakurri izan dut, ezker abertzalearen terminologia da».
Esparzarentzat onartezina da, gainera, Pernando Barrena europarlamentaria torturaren biktima gisa aitortu izana. «Barrenak egin dituen adierazpenak eta bere ibilbide politikoa aintzat hartuta, zuk uste duzu onargarria dela hari biktima izaera aitortzea?», galdetu dio Txibiteri.
Eskubideen urraketak
Horri erantzunez, lehendakariak gogorarazi du ezin direla biktimak aitortu «pertsona bakoitzaren ideologiaren edo ibilbide politikoaren arabera»; aitzitik, «frogatutako gertakarietan» oinarritzen dira perituak: «Batzorde independentea osatzen dute bi auzi medikuk, psikologo batek, Zuzenbideko hiru doktorek eta Soziologian doktore den beste batek. Inpartzialtasunez, profesionaltasunez eta objektibotasunez egiten dute lan; datuak aztertzen dituzte, eta horien gainean hartzen dituzte erabakiak, aho batez».
Txibiteren ustez, Nafarroako historia hurbila ezin da aztertu «ETAren indarkeria aintzat hartu gabe», eta inguruabar horretan kokatu ditu abusu polizial sistematikoak: «Salaketa ugari azaleratu ziren funtzionario publikoen kontra, giza eskubideen urraketa larriengatik eta terrorismoaren aurkako borrokan praktika bidegabeak erabili izanagatik». Azkenik, Esparzari eskatu dio, elkarbizitzari lotutako eztabaidetan, aldendu dadila «populismotik, sinplekerietatik eta polarizaziotik», konponbideak eraikitze aldera: «Askotan, zaila da orekari eustea, baina talde politikoek ez liokete horri izkin egin behar, indarkeriarik eta giza eskubideen urraketarik gabeko gizarte hobe baterako bidea eginen badugu».
«Icebergaren tontorra»
Talde parlamentarioen txandan, EH Bilduko Laura Aznalek txalotu egin du lehendakariak «torturaren praktika sistematikoa» onartu izana: «Biktimentzat urrats handia da Nafarroako Gobernuko presidenteak aitortzea tortura eskala handiko praktika bat izan dela eta denbora luzez erabili dela». Hala ere, gogorarazi du orain arte biktima gisa identifikatutakoak «icebergaren tontorra» baino ez direla: «Estatu indarkeriaren errealitatea askoz zabalagoa da».
Geroa Bai-ko Pablo Azkonak adierazi du bere taldea «harro» dagoela 2015. urteaz geroztik Nafarroako Gobernuak elkarbizitzaren bidean eginiko urratsengatik, eta txarretsi du UPNren gobernuek «ezer egin ez izana» biktimak aitortzeko.
Zurekin Nafarroak ere «aitzindaritzat» jo du 16/2019 legea, eta kargu hartu dio UPNri, «biktima onen eta txarren sailkapenak egiteagatik».