Nafarroako Gobernuak legealdi honetan sustatutako proiektuen eta hartutako neurrien errepasoa egin du Maria Txibite presidenteak gaur, Nafarroako Parlamentuko politika orokorreko eztabaidan. Ordu bat eta 44 minutuko hitzaldian —67 orrialde zeramatzan idatzita—, gobernuaren lehentasunak eta asmoak ere aletu ditu lehendakariak, eta ororen gainetik, ideia nagusi bat nabarmendu nahi izan du: egungo gobernuak «zerbitzu publikoak» indartu nahi dituela, eskuineko «olatu erreakzionarioaren» aldean.
«Etxebizitza, prezioen igoerak jendearengan duen eragina, osasungintza eta bizikidetza», horra Nafarroako Gobernuaren lehentasun eta lan ildo nagusiak, lehendakariaren esanetan. Azpimarratu dituen ideia horiek bezain deigarriak izan dira, ordea, esan ez dituenak edo zeharka aipatu dituenak: Cerdan auziaz, adibidez, ez du hitz erdirik ere esan. Bai, ordea, Belateko tunelei buruz. «Adjudikazio berria egiteko urratsak egiten ari gara, obra hori amaitu egingo baitugu. Ez dut ukatuko, ez baitut inoiz ere egin, obra egitea bezain garrantzitsua dela legearen barruan eta gardentasunez egitea», esan du. Nabarmendu du prozedura osoa «ezaguna eta publikoa» izan dela, eta aitortu du «desadostasun teknikoak eta juridikoak» egon direla, baina «inoiz ere ez esku hartze politikorik».
Hitzaldi osoan, bi bloke bereizi ditu lehendakariak: albo batean kokatu ditu bere gobernua eta hura babesten dutenak; eta bestean, eskuina eta eskuin muturra, zeinak «bazterketa, eskubideen galera eta deshumanizazioa» dakarten. Horren aldean, «jendearen bizitza hobetzeko baliagarria izanen den demokrazia bat» defendatzen duela esan du.
Zerga erreforma
Ekonomiaz luze aritu da Txibite, eta ikuspegi baikorra eman du, oro har. Herrialdea «hazkunde betean» dela nabarmendu du, eta bi iragarpen nagusi egin ditu: batetik, «asmo handiko zerga proposamen bat», eta, bestetik, 600 milioi euroren plan bat, «azpiegituretan inbertitzeko».
Zerga proposamenari buruz, lehendakariak azaldu du horren helburua izanen dela «familien erosahalmena babestea» prezioen inflazioari aurre egin ahal izateko. «Inork ez dezala aukeratu beharrik izan hozkailua betetzearen, berogailua piztearen edo alokairua ordaintzearen artean», esan du.
Inbertsio planari buruz ere ez du xehetasun handirik eman: esan du aurtengo aurrekontu proiektuaren osagarri izanen dela eta «azpiegitura eta proposamen zehatzetan» hezurmamituko dela, «hobekuntza errealak» izan daitezen.
Bizikidetza eta euskara
Hitzaldiaren bukaeran, bizikidetza eta euskara aipagai izan ditu Nafarroako Gobernuko lehendakariak. Labur egin du euskarari buruzko gogoeta: «Gobernu honi esker, herritarrek gehiago ikusten dute euskara hizkuntza propio gisa —hori baita— banatzeko tresna politiko baten gisara baino. Euskara nafar guztiena da». Eta euskara aipatu bai, baina euskaraz apenas hitz egin duen Txibitek: «Egun on» eta «eskerrik asko» kenduta, deus ere ez ia bi orduko diskurtsoan.
Bizikidetzak «memoria» behar duela esan du gero. Gogoratu du lanean ari direla terrorismoaren biktimen lege berri bat garatzeko, eta etorkizunerako erronkak ere aipatu ditu: «Nafarroaren geroak eredu hau izan behar du oinarri: autogobernu arduratsua, kalitatezko enplegua, ekonomia berritzailea, energia garbia, zerbitzu publiko sendoak, berdintasuna, kohesioa eta bizikidetza».