Hauteskundeei begira. Horrelaxe heldu diote Nafarroako talde parlamentarioek politika orokorraren eztabaidari. Esparza izan da kartak gora begira jarri dituen lehena. Espero bezala, bere burua kokatu du joko zelaiaren alde batean, baina deigarria izan da beste muturrean EH Bildu irudikatu duela, PSN baino are gehiago. Txibiteri zuzendutako diskurtsoa izanagatik, UPNko buruzagiak argi adierazi du zein den bere nemesia: «EH Bilduk lortuko ditu zuek baino boto eta parlamentari gehiago. Boto emaile sozialistek jakin behar dute PSNri botoa ematea zera dela, Iruñeko alkatetza Asiron jaunari oparitzea, eta lehendakaritza, Aznal andreari».
PSN eta EH Bildu parekatzearena —eta bloke horren lidergoa koalizio independentistari aitortzea— ez du behin edo bitan egin, gainera. Leitmotiv gisa erabili du: «Elkarbizitza eraiki nahi omen duzu. Norekin, Cerdanekin eta Otegirekin?». Ez da ateraldi hutsa, aukera erreala baizik: hauteskundeen osteko indar korrelazioak ekar dezake PSNren eta EH Bilduren rolak aldatzea. Nor izanen den gobernuko buru eta nork eutsiko dion.
Txibitek ere bi bloke bereizi ditu bere hitzaldian. PSN parekatu du mundu osoko zentro-ezkerreko indarrekin —propio aipatu ditu Zohran Mamdani eta Suediako sozialdemokratak—, eta parean kokatu du eskuin muturreko «olatu erreakzionarioa». Lehendakariak, jakina, bere burua jarri du ezkerreko blokearen buru. Baina zer gertatuko litzateke PSNk lidergoa galduko balu? Babesa emanen lioke EH Bilduren hautagai bati? Sozialdemokrazia, historikoki, ezkerreko taldeen babesa jasotzeko prest bai, baina uzkur azaltzen da babes hori bueltan emateko tenorean. Esparzak ezaguna du atsotitza: ibai nahasia, arrantzaleen irabazia. Kanabera bota du, zer gerta ere.