Apirilaren 3rako Nafarroako hezkuntza publikoan grebara deitu duten LAB, Steilas, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek Maria Txibite lehendakariari eskatu diote haiekin «zuzenean» negoziatzeko, Hezkuntza Departamentuaren bitartekaritzarik gabe. Atzo egindako agerraldi batean, LAB sindikatuko ordezkari Edurne Erreak eta Steilaseko Oihane Jordanak salatu zuten «jarrera arduragabea» izan duela Hezkuntza Departamentuak, eta «egoskorkeria» leporatu diote.
Martxoaren 6an egin zuten sindikatuek hezkuntza publikoan greba egiteko deialdia, eta egun berean egin zioten Hezkuntza Departamentuari negoziazio bilera baterako eskaera. Atzo salatu zutenez, orduko hartan ez zuten erantzunik jaso, eta, hortaz, astebete geroago berriro ere egin zuten bilkura egiteko eskaera. Hezkuntza Departamentuak erantzun zion bigarren proposamenari, eta joan den ostiralean bildu zen sindikatuekin. «Bertan, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia eta Hezkuntza kontseilaria bera falta zirela nabarmendu nahi dugu. Departamentuko ordezkarien jarrera edozein negoziazioren aurkakoa izan zen», gaitzetsi dute sindikatuek. Lau dira grebaren bidez aldarrikatu dituzten eskubide nagusiak: «Ratioak modu linealean jaistea, lan gainkarga murriztea, langileen egonkortasuna handitzea eta erosahalmena berreskuratzea». Horiek mahai gainean jarri zituzten bileran, azaldu dutenez, baina Hezkuntza Sailak ez zuen horiei erantzuteko «proposamenik» eraman: «Are gehiago, lehenengo premisa izan zen ez dutela inbertsio ekonomikoa dakarren ezer negoziatuko».
Sindikatuek adierazi dute prest daudela negoziatzeko. Horregatik egin diote dei Txibite lehendakariari, zuzenean haiekin negoziatzeko, «elkarrizketa sozialaren garrantzia nabarmendu baitu».
Txibiterekin zuzenean negoziatu nahi dute hezkuntzako sindikatuek
Salatu dute Hezkuntza Departamentuak «jarrera arduragabea» izan duela negoziazioetan. Apirilaren 3rako greba deialdiari eutsi diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu