Erabiltzaile batek zibereraso bat egin du sarean, eta Maria Txibite Nafarroako gobernuburuaren eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren datu pertsonalak filtratu ditu. Ez haienak bakarrik, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariordearenak, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariordearenak eta beste hainbat sailbururenak ere bai. Noel D'Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuaren eta Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuaren datuak eta zabaldu dituzte, baina, Torresek berak azaldu duenez, datu zaharkituak dira.
Haienekin batera, Espainiako politikari batzuen datuak ere hackeatu dituzte; tartean dira Isabel Diaz Ayuso, Madrilgo Erkidegoko presidentea; Juan Manuel Moreno Bonilla, Andaluziako presidentea; Jorge Azcon, Aragoiko presidentea; Alfonso Fernandez Mañueco, Gaztela eta Leongo presidentea; Juan Francisco Perez Llorca, Valentziako Erkidegoko presidentea; eta Maria Guardiola, Extremadurako presidentea. El diario.es hedabideak eman du berria.Â
Eurogosth delako batek egin du erasoa, eta orotara 47 pertsonaren datuak hackeatu ditu. Pradalesi dagokionez, erraterako, haren datu pertsonalak zabaltzeaz gain, haren hurbileko pertsona baten datuak ere eman ditu. Oro har, erabiltzaileak honako datu hauen berri eman du: helbide pertsonala, autoen modeloa eta matrikula, bankuko kontuaren zenbakia, nortasun agiria eta telefono zenbakia. Batzuetan gas kontagailuaren datuak ere eman ditu. Eusko Jaurlaritzako iturriek «zuhurtzia» eskatu dute, eta jakinarazi dute poliziarekin ikertzen ari direla atzean nor dagoen.
«Eskuin muturrak bikain antolatutako estrategia bat da, eta halakoek demokrazia ahultzen dute»
MARIA TXIBITEÂ Nafarroako Gobernuko lehendakaria
Agerraldi bat egin du gaur Txibitek Fitur turismo azokan, eta kazetariei jakinarazi die datuen filtrazio masiboa «ultraeskuinak bikain antolatutako estrategia bat» dela, eta zuzen-zuzenean laguntzen duela «demokrazia ahultzen». Eta halaxe nabarmendu du: «Ez dugu atzerapausorik emango». Gainerako kaltetuei elkartasuna eta babesa adierazi die, eta argitu du bere ustez «jazarpena» dela gertatutakoa.Â
Oraindik ez dute argitu nor dagoen zibererasoaren gibelean, baina erabiltzaileak mezu bat utzi du sarean, datuak filtratu ostean: «Badakit autonomia erkidego batzuk falta direla, eta ez dira salbatuko. Hemendik gutxira, datu base honen bigarren bertsioa egingo dut; ziurrenik senideekin, edo seniderik gabe, ez dakit, ez dut ezer baieztatuko. Gora Espainia!».Â
Doxing esaten zaie halako erasoei, eta azken urteetan geroz eta ohikoagoak dira sarean. Joan den urteko udan, erraterako, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen datuak hackeatu zituzten, eta hainbat kazetarirenak ere bai gero.Â
Gomendioak eta argibideak
Josu Arakistain (Eibar, Gipuzkoa, 1989) zibersegurtasunean aditua da, eta argi-argi dauka berak: «Berandu konturatzen gara beti». Maiz sartzen dira datu pertsonalak toki ezezagunetan, maiz erabiltzen dira pasahitz errazegiak, eta maiz egiten da sarean aitzinera nora joan jakin gabe. Eta hori, hain justu, erasotzaileari bidea irekitzea da, informatikariaren irudiko. «Modu asko daude sistema bat zulatzeko: webguneetatik egin daiteke hori, edo Metatik, edo datu baseetatik. Ezin da jakin nola ailegatu diren, eta gaurko kasu honetan ere oso zaila izango da jakitea nola lortu zuten gobernuko sisteman sartzea».Â
Baina beti egiten omen dute gauza bera: sistema baten ahultasunak bilatu. «Txarto konfiguratutako pasahitzak, adibidez». Hori ekiditeko, argibide eta aholku batzuk zerrendatu ditu Arakistainek: «Kontu handiz ibili behar da edozein lekutara sartzerako orduan, eta ondo begiratu behar da non ematen dugun izena eta zertarako ematen dugun. Ahalik eta datu gutxien eman, eta pasahitz sendoak erabili». URLak egiazkoak diren edo ez ziurtatzea ere ezinbertzekoa dela erran du.Â
«Lehendabiziko instintua konfiantzarik eza izan behar da. Zentzuz eta poliki ibili behar da»JOSU ARAKISTAIN
 Zibersegurtasunean aditua
Eta bertze gomendio bat hemen: jasotako mezu oro zalantzan jarri. Arakistainek azaldu du hobe dela mezua faltsua dela pentsatzea tranpan erortzea baino, eta horrela eragozten dela informazio faltsuak zabaltzea. «Lehendabiziko instintua konfiantzarik eza izan behar da. Zentzuz eta poliki ibili behar da. Erasotzaileek presa baliatzen dute, eta esaten dizute minutu gutxi batzuk dauzkazula ez-dakit-zer egiteko. Eta erori egiten gara. Presa ematen badizute ezer egiteko, ez egin».Â
Zibersegurtasun delituen gorakada nabarmen horren inguruan kulturalki gero eta zentzu handiagoa dagoela erran du informatikariak. Edonola den, zentzu handiagoz jokatuta ere, zenbait mugimendu ez daude edonoren esku. «Datu pertsonalen inguruan negozio asko dago, eta defentsa beti doa erasoak baino atzerago». Arrazoi bakarra dago horren gibelean: zibererasoak egiten dituztenek baliabide gehiago dauzkatela defentsak dauzkanak baino. «Bai teknikoki, eta bai ekonomikoki», gaineratu du.Â
Batzuetan webgune batzuek abisu bat bidaltzen diote erabiltzaileari, eta pasahitza aldatzeko eskatu. Horrelakoetan mezuari kasu egiteko gomendatu du Arakistainek, halakoek balio lezaketelako zibererasoak ekiditeko. «Noizbait mezu bat iristen bazaizu esanez beste nonbaitetik saiatu direla zure kontuan sartzen, aldatu pasahitza. Baliteke ezer ez izatea, baina baliteke baietz». Dena dela, informatikariaren erranetan, «oso-oso zaila» da erasotzailea nor den jakitea, eta, hark ahulgune bat ikusi badu nonbait, saiatuko da hara sartzen.Â