Milaka lagun elkartu dira gaur eguerdian Donostian, Ernai gazte antolakundeak deituta, Txiki eta Otaegi gogoratzeko, horien fusilatzeen 50. urteurrenaren atarian. Ekin eta bultza askatasunera! lelopean Gipuzkoako hiriburuko kaleak zeharkatu dituzte, eta adierazi dute, frankismoak fusilatu zituzten azken bi lagun horien lekukoa hartzeko prest daudela milaka gazte, «belaunaldi oso bat», Euskal Herria «askatasunerantz bultzatzeko». Independentziaren eta sozialismoaren aldeko oihuak ere entzun dira manifestazioan.
13:30ean abiatu da manifestazioa Bulebarretik. Leloa zeraman pankartarekin batera, hainbat ikurrina izan dira manifestazioaren buruan, baita Nafarroako eta Palestinako banderak ere. Euskal Herriaren nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea ukatuak jarraitzen dutela salatu dute eta Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen alde oihua ozendu dute. Manifestazioan gazteak ziren gehienak, baina izan dira ezker abertzaleko kide historikoak ere, besteak beste, Joseva Alvarez eta Rufi Etxeberria.
50 urte beteko dira Irailaren 27an Txiki eta Otaegi militante independentsitak fusilatu zituztenetik. Frankismoaren garai ilunenetan Euskal Herriaren askatasunaren alde belaunaldi oso batekin altxatu zirelako fusilatu zituzten.
— Ernai (@ernaigazte) September 14, 2025
Jaso dugu zuen lekukoa, eta gazteok borrokan gaude! pic.twitter.com/CVyOGXILst
Askatasunaren hiribidean geldialdi bat egin dute eta Txiki eta Otaegiren irudi bana zabaldu dute, bengalak piztu dituzte eta Mikel Laboaren musika entzun da. Manifesazioa amaierako ekitaldian Amaiur Egurrola Ernaiko kideak esan du Txiki eta Otaegi hil zuten hamasei tiroek Euskal Herria «akabatzea» zutela helburu. «Erail zituzten, baina helburua ez ziren haiek. Finean, Txiki eta Otaegi erregimen frankistarentzat bitarteko anker hutsa ziren. Hamasei tiro horien bitartez ez zuten soilik bi gazte horien bizitza eten nahi izan. Hamasei tiro horiek Euskal Herriarekin akabatu nahi zuten. Tiro horiek guztiak, Euskal Herriaren ukapena betikotu eta jendartea eraldatzeko aukera guztiekin amaitzea zuten helburu».
Ernaik ohar batean azpimarratu du, baina, «inoizko determinazio handienarekin Euskal Herria independiente, sozialista eta feminista irabazteko» borroka egingo dutela, «mundua aldatu ahal izateko». Salatu du, «1975ean Txiki eta Otaegiren erailketen aurka agertu ziren horiek, Txiki eta Otaegi erail zituztenekin batera, ezkerreko independentisten aurkako oldarraldia» jarri dutela martxan, «Txiki eta Otaegiren figura baliatuz proiektu politiko oso baten aurka egiteko».