Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi oroitzeko Zarauzko (Gipuzkoa) Santa Barbara mendiaren horman jarritako olana berreskuratu dute, eta harekin argazki jendetsu bat atera, Santa Klarako, Azken Portuko eta Aritzbatalde auzoetako jaietako giroa aprobetxatuta. Azken Portukoa zen Txiki.
Sortuk ohar bat zabaldu du, eta adierazi du txarretsi egiten duela EAJk eta PSE-EEk zer jarrera hartu duten «frankismoaren azken fusilatuekin». Kontrara, udalak «aitortza» egin beharko liekeela uste du alderdiak: «Bi fusilatuek eta frankismoari aurre egin zioten euskal herritar guztiek beharko lukete aitortza instituzionala, are gehiago frankismoari aurre eginez hil baziren».
Irailaren 27an mende erdi beteko da diktadura frankistak Txiki eta Otaegi etakideak fusilatu zituenetik, eta haiek oroitzeko xedea zuen ostiralean jarritako pankarta handiak. Zehazki, bi kide horien irudiak eta 1975-2025 urteak daramatza idatzita. Udalak, baina, hura kentzeko agindu zuen, landa ingurune batean zegoela argudiatuta, eta 24 ordu eskas egin zituen hormatik zintzilik. Eremu hartan topatu dute, sasi artean, kendu zutenean hara erori baitzen.
Sortuk adierazi du udal gobernuak «aitzakia» gisa erabili zuela olana landa eremuan zegoela, eta ingurumena babesteko argudioa erabiliz kendu zutela. «Gaur, Zarauzko hainbat herritarrek olana berreskuratu dute, Santa Barbarako hormaren oinarrian botata utzi baitzuen udalak, zaborra balitz bezala». Ekintza horren bidez, udalak «argi utzi du», Sorturen esanetan, «lehen mailako eta bigarren mailako biktimak» daudela.
Egoera ikusita, heldu den irailaren 27an Iruñeko Anaitasunan egingo duten nazio ekitaldian parte hartzera dei egin du: «50 urte geroago, bada garaia ondo lotuta utzi zuten korapiloa behingoz askatzeko, hau da, gure herriari dagozkion eskubideak aitortzeko».
Olanak eta hura kendu izanak eztabaida piztu zuten Zarautzen eta sare sozialetan. Tartean, EH Bilduko, EAJko eta PSE-EEko ordezkariek ere plazaratu zituzten euren iritziak. Koalizio subiranistari dagokionez, Arkaitz Rodriguez Ekintza Politikoko idazkariak «frankismoaren azken fusilatuen memoria kriminalizatzea» leporatu zion EAJren udal gobernuari.
EAJren GBBko burukide Imanol Lasak, berriz, auzia «manipulatzea» eta «biktimak eta biktimarioak, frankismoa eta demokrazia» nahastu nahi izatea egotzi zion Rodriguezi. Hark eta PSE-EEk Zarauzko Udalean duen eledun Inaxio Illarramendik azaldu zuten eremu hartan ezin dela olanarik jarri.