Irailaren 27an 50 urte beteko dira diktadura frankistak Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi ETAko kideak fusilatu zituenetik, eta, hain zuzen, urteurren hori oroitzen zuen pankarta handi bat jarri zuten ostiralean Zarautzen (Gipuzkoa), Txikiren herrian. Udalak, baina, hura kentzeko agindu zuen, eta, 24 ordu inguruko epean, desagertu egin zen Santa Barbara mendiaren hormatik. Erabakiak harrabotsa eragin du, eta Diego Paredes, Txikiren anaia, izan da hura gogor salatu duenetako bat, haien memoria ezabatu nahi delakoan: «Frankistek fusilatu zituzten, eta frankisten ondorengoek haien memoria ezabatu nahi dute».
Mende erdia urteurren borobila da, eta aurten badira oroitzeko moduko zenbait jazoera duela 50 urte gertatuak, 1975. urtean. Hala nola Espainiako Gobernuak dozenaka ekitaldi antolatu ditu urte osoan, Francisco Franco diktadorearen heriotzaren urteurrena (azaroak 20) dela medio. Sortuk, berriz, gertaera hari soilik ez, beste biri ere erreparatu die bere ekinaldietan: Juan Carlos I.aren koroatzea (azaroak 27) eta Txikiren eta Otaegiren fusilamenduak. Hain zuzen, alderdi abertzaleak irailaren 27rako antolatu du urteko ekitaldi politiko nagusietako bat, Askatzera lotuak lelopean, Iruñeko Anaitasunan.
Fusilamenduen urteurrenari lotuta azaldu zen ETAko bi militanteen aurpegiak eta 1975-2025 urteak zeramatzan olana Zarautzen. Olanaren irudi bat erabilita, hala zabaldu zuen Diego Paredesek sare sozialetan: «Duela 50 urte, irailean, diktadore batek eta haren lagunek hil zituzten. Ea betiko demokratekin zenbat irauten duen pankartak Zarautzen —Txikiren herrian—». Egun bat eskas iraun zuen.
Udalaren erabakiak aldeko eta kontrako erantzunak eragin ditu. Joseba Permach ezker abertzaleko kideak nabarmendu du Txiki eta Otaegi biktimak direla, eta gaitzetsi egin du pankarta kendu izana. Izan ere, 2012an aitortu zituen biktima gisa Eusko Jaurlaritzaren Balorazio Batzordeak —giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko sortua da batzorde hori—. Lehenak izan ziren, beste sei lagunekin batera. «Hamahiru urte geroago, haien oroimenez jarritako oroigarria kendu dute. Berriz agerian geratu da bigarren mailako biktimak daudela gure herrian», salatu du Permachek.
Manzanas torturatzaileari edota Perret mertzenarioari ohorezko lekuak eskaintzen dizkiotenak dira, Francok fusilatutako Txiki eta Otaegiren irudiak kentzen dituztenak.
— Unai Urruzuno (@uurruzuno) August 9, 2025
Eta bizikidetzaz ahoa betetzen zaienak.
Sentitzen dugu baina guztiok dugu nor gogoratu erabakitzeko eskubidea.
EH Bilduren zuzendaritzako zenbait ordezkari ere mintzatu dira erabakiaren aurka. Unai Urruzuno koalizioko Politika Instituzionaleko arduradunak salatu zuen «[Meliton] Manzanas torturatzaileari edota [Clement] Perret mertzenarioari ohorezko lekuak» eman dizkietenek egiten dutela Txikiren eta Otaegiren irudiaren kontra: «Bizikidetzaz ahoa betetzen zaienek. Sentitzen dugu, baina guztiok dugu nor gogoratu erabakitzeko eskubidea».
Arkaitz Rodriguez EH Bilduko Ekintza Politikoko idazkari eta Sortuko idazkari nagusiak are kritika zehatzagoa egin du, EAJri erreparatuz —hark du Zarauzko aginte makila—. Haren hitzetan, espero izatekoa da PPk eta Voxek «frankismoaren azken fusilatuen memoria kriminalizatzea», baina «tristea» eta «etsigarria» da abertzaleek ere hala egitea. «36ko gudariek burua altxatuko balute...», idatzi du X sare sozialean.
EAJko eta PSE-EEko ordezkariek erantzun egin diete mezu horiei. Alderdi Sozialistak Zarauzko Udalean duen eledun Inaxio Illarramendik adierazi du udalak pankarta kendu izanaren arrazoia zera dela, «landa ingurune batean» jarri zutela: «Berdin jokatuko genuke beste edozein aldarrikapen edo oroigarrirekin, nahiz eta horiekin bat etorri».
Hemen ez dago bigarren mailako biktimarik, Joseba. Udalak pankarta kendu du landa-ingurune batean zegoelako. Berdin jokatuko genuke beste edozein aldarrikapen edo oroigarrirekin, nahiz eta horiekin bat etorri. https://t.co/oOT1sbWIFU
— Inaxio Illarramendi (@Inaxiooo) August 9, 2025
Imanol Lasa EAJren Gipuzkoa Buru Batzarreko burukideak, berriz, Rodriguezi zuzenean erantzunez, adierazi du Txikik eta, oro har, frankismoaren biktimek errespetua merezi dutela, baina ezker abertzaleari leporatu dio Zarauzko pankartaren auzia «manipulatzea»: «Santa Barbara gehiegitan erabili du ezker abertzaleak ETAko presoen aldeko pankartak jartzeko, eta, hala, biktimei min egin. Debekatutako zerbait, ezabatzea asko kosta zena».
Era berean, EAJko kideak Sorturi egotzi dio «biktimak eta biktimarioak, frankismoa eta demokrazia» nahastu nahi izatea, «herri honek sufritutako biolentzia zuritzeko» asmoz.
Sorturen jarrerari are gogorrago erantzun dio Fernando Buesa fundazioak. Haren arabera, erregimen frankistak Txiki eta Otaegi fusilatu izanak ez du «inolako justifikaziorik», baina bi kideak oroitzea kritikatu du, Meliton Manzanas polizia frankistarekin eta Carrero Blanco diktadurako goi buruzagiarekin alderatuta —ETAk hil zituen biak—: «Ezker abertzaleak ETA legitimatzeko duen moduaren adibide bat da».
Pankartak jomugan
Buesa fundazioa izan zen Gasteizko jaietako txosnetako pankartak salatu zituzten eragileetako bat. Sare sozialetan, salatu zuen «ETAren izenean hamarkadatan hiltzen, bahitzen, zauritzen, estortsio egiten eta jazartzen» aritutakoak babesteko kartelak jarri zirela. Mezuari atxikitako irudietan, euskal presoen amnistiaren eta etxeratzearen aldeko mezuak ageri ziren, baina baita Sortuk Juan Paredes Txiki-ren eta Angel Otaegiren fusilamenduak oroitzeko abiatutako dinamikako oihal bat ere.
Ika-mika haren harira, Sare Herritarrak bere analisia plazaratu zuen atzo, garbi uzteko asmoz euskal presoen eskubideen alde egitea zilegi dela. Joseba Azkarraga eta Beñat Uribe-Etxeberria eledunek hartu zuten hitza, eta adierazi eurena «aldarrikapen demokratiko bat» dela, eta «eskubideen urraketari amaiera emateko beharra mahairatzen» saiatzen dena. Gogoratu dute eskubide batzuk urratu egiten direla oraindik ere, «esparru politiko eta judizialetik aplikatzen diren salbuespen lege eta politikak direla medio».