Txiki eta Otaegiri buruzko erakusketa udal aretoetan jartzea eragotzi du Zarauzko Udalak

Zarauzko Udalak ez du baimenik eman Iratzar eta Olaso Dorrea fundazioak egiten ari diren erakusketa areto publikoetan ipintzeko. Ez dute horretarako argudiorik eman.

(ID_15322486) (Jon Urbe/@FOKU) 2025-09-15, Azpeitia. Txiki eta Otaegiri buruzko erakusketa baten aurkezpena
Azpeitiko Txiki eta Otaegiri buruzko erakusketaren aurkezpena. JON URBE / FOKU
inaut matauko rada
2025eko irailaren 16a
20:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txiki eta Otaegiren fusilamenduaren 50. urteurreneko saltsari enegarren kapitulua gehitu zaio, Zarauzko Udalak ukatu egin baitie Iratzar eta Olaso Dorrea fundazioei Txiki eta Otaegiren fusilamenduari buruzko erakusketa egiteko udal aretoak erabiltzea. BERRIAk albiste hori baieztatu du. Guka tokiko hedabideari Zarauzko Udalak jakinarazi dionez, udaleko alderdi guztiek parte hartzen duten Bizikidetza Mahaian hartu zuten erabakia, baina ez dute beste azalpenik eman. Iturri horien arabera, EH Bilduren egoitzan jarriko dute erakusketa, hilaren 22tik aurrera.

Gipuzkoako hainbat herritan egin nahi dute bira bi fundazioek. Azpeitian hasi ziren, atzo, Otaegiren herrian, udalaren areto batean, eta aste osoan ikusgai izango da. Handik Zarautzera eramango dute, Jon Paredes Txiki-ren herrira. Eta, gero, herri gehiagotara eramango dute.

50 zenbaki borobila da, eta urteurren berezi horri omen egiteko zailtasunak izaten ari dira norbanakoak eta elkarteak. Pankarten abuztuko aferarekin piztu zen lehen sugarra, Zarauzko Udalak aginduta, herrian bi militanteak omentzeko jarritako olana kendu baitzuten. Horren ostean, Sortuk udalari eskatu zion Txiki eta Otaegiri aitortza instituzionala egiteko, frankismoak fusilatutako biktima gisa.

Su hori Gogora memoria institutuko zuzendari Alberto Alonsoren hitzek hauspotu zuten handik egun gutxira, esan baitzuen Txikik eta Otaegik ez zutela «askatasunagatik borrokatzen, beren ikuskera inposatzeko baizik», eta eskatu zuen ez sartzeko diktadurak fusilatutako gainontzekoen zaku berean. Frankismoak fusilatutako azken bi pertsonen kontrako irain gisa hartu zuten askok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.