Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi ETAko militanteen fusilamenduaren 50. urteurrena gerturatu ahala, haiek oroitzeko egitasmoen berri ematen ari dira eragile ugari. Horietako bat da Iratzar eta Olaso Dorrea fundazioek antolatutako erakusketa ibiltaria; bideo bat ere ondu dute erakusketarako, eta hura, ikusgai dago BERRIAn. Erakusketan ez dira, baina, bi militanteen figuretara mugatu, jarri dioten izenburuak dioen bezala, Dena jokoan zegoen urtea izan baitzen 1975 hura. Eta ikus-entzunezkoa ere ez da Txiki eta Otaegiri buruzko lan bat, haien balizko begietatik gaur egungo Euskal Herriari egindako errepaso bat, baizik. Lan artistiko bat.
Erakusketa Azpeitian (Gipuzkoa) aurkeztu dute, Otaegiren herrian, eta Zarautz (Gipuzkoa) izango du bigarren geltokia; hangoa zen-eta Txiki. BERRIA-k baieztatu duenez, udalaren lokal batean muntatzeko asmoa zuten erakusketa, baina ez diete baimenik eman.
Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru kide fusilatu zituzten 1975ean. Eta urte horretan ere frankismoaren «azken zantzuak» ikusi eta «erregimenari jarraipena emateko trantsizioa» hasi zen, Iratzar fundazioko Andoni Olariagak azaldu duenez: «1975ean hurrengo hamarkadak sinbolikoki eta materialki baldintzatu dituzten gertakari inportanteak izan ziren». Garrantzitsuenak, Francoren heriotza eta Juan Carlos Borboikoaren koroatzea.
Olariagak horren garrantziari erreparatu dio, esanez eszenatoki bat irekitzen hasi zela, baita eztabaida bat ere: «Haustura ala erreforma». Hain zuzen, argudiatu du hori erabakigarria izango zela Euskal Herriaren geroarentzat.
Erakusketaren lehen blokeak, ordea, atzera egiten du denboran, 36ko gerrara eta frankismoaren hastapenetara, han hasi baitziren lotzen oraindik ere askatzeke dauden korapiloak, Olariagaren hitzetan. Eta, noski, ezin direlako 1975ean jazotakoak ulertu horiek diktadura militar baten testuinguruan kokatu gabe. «Laguntzen du irakurketa politiko ahalik eta zorrotzena egiten garai hartan gertatutakoaz», zehaztu du.
Atzera begirako horrek, baina, ez dio errepresio frankistari soilik erreparatzen; izan ere, haren ondorioz Euskal Herrian izandako «basamortu kultural eta politikoa» ere aztertzen du. Eta horren ostean iritsiko zen «euskal matxinadaren eztanda». Hala, Iratzarreko kideak dio 1950eko hamarkadako testuingurua azaltzen saiatu direla: mundu osoan gertatzen ari ziren iraultzak eta deskolonizazio prozesuak, baina baita Euskal Herrian agertzen hasi ziren «argi printzak» ere. «Horra begiratu behar da hurrengo hamarkadetan etorriko ziren mugimendu kultural, artistiko, musikal, politiko horiek guztiak kokatzeko. Euskal aberria loratzen ari da».
Hala iritsiko zen 1970eko hamarkada. «Batzuetan, historia moteldu egiten da, eta, beste batzuetan, azeleratu», esan du Olariagak, eta gehitu garai hartan bigarren hori gertatu zela. Hala, erakusketaren bigarren blokean urte haietako «errepresio bortitzari» erreparatu diote. Erakusketan presente daude Ipar Euskal Herrian egindako lehen atentatuak, Burgosko Prozesua, fusilamenduak, torturak... Baina baita 1975eko Aberri Egun bateraturako deia ere.

Eta, horrekin batera, hirugarren blokean, Txiki, Otaegi eta Jose Antonio Garmendia Tupa-ren heriotza zigorren eta lehen bien fusilamenduen nondik norakoak ageri dira, familiek utzitako zenbait objekturekin batera. Olariagaren hitzetan, exekuzioen xedea zen «euskal matxinadari» eta «erregimenaren kontra egiten zuen elementu orori» ohartarazpen bat bidaltzea. Hala, kritikatu egin ditu Txikiren eta Otaegiren inguruko zenbait diskurtso.
Iratzarreko kideak uste du oraindik ere beldurra dagoela halako auzien gaineko eztabaida politikoari heltzeko, eta horrek eta «batzuen interes alderdikoiek» iraganaren «irakurketa anakroniko bat» bultzatzen dute. Zehazki, salatu egin du Txiki eta Otaegi frankismoaren biktimak direla esan baina «terroristak» ere bazirela adieraztea, «terminologia frankista» onartzea dakarrelako.
«Testuingurua kontuan hartu behar da, eta, herri honetan, garai hartan diktadura baten kontra altxatu ziren militanteak izan ziren», adierazi du, eta gehitu du biktima gisa aitortu bakarrik ez, «askatasunaren aldeko borrokalari izaera» ere publikoki aitortu behar zaiela. Horretan saiatu dira erakusketan.
Lotuta
1975era iristeko bide bat egin zen bezala, ordutik aurrera ere beste bat izan da. Hala, trantsizioari eta «78ko erregimenaren» geroari ere erreparatu diote Iratzar eta Olaso Dorrea fundazioek, erakusketako azken bi blokeetan. Olariagak azaldu duenez, agerian utzi nahi izan dute Francok lotuta utzi zuela bere oinordekotza. «Ez Juan Carlos Borboikoarekin bakarrik, baita Espainiako egitura instituzional eta juridiko guztiarekin ere». Eta adibide gisa jarri du Ordena Publikoko Auzitegia gauetik goizera Auzitegi Nazional bilakatu izana.
«Garai hartan askatu ez ziren korapilo horiek berriro ere mahai gainean jarri behar dira herri proposamen batekin, eta borroka hari segida eman»
ANDONI OLARIAGA Iratzar fundazioko kidea
Erakusketak Espainiako ezkerreko alderdiek hartutako rola ere aztertzen du, eta Olariagak erakusketan ageri den «elementu probokatzaile» batean egin du azpimarra: irudi batean, Santiago Carrillo PCEko burua ageri da Espainiako selekzioaren kamisetarekin. Adierazi duenez, horrekin irudikatu nahi dute «erregimenaren funtsezko hanketako bat» izan zela ezkerreko eragile batzuek trantsizioa egin zen bezala egitea onartu izana.
Bost hamarkada geroago Espainian «krisi instituzional eta politiko handi bat» dago, Iratzarreko kidearen esanetan, eta, hein batean, halaxe dago urte haietan askatu ez ziren korapiloak bere horretan daudelako; «tartean, nazio aniztasunarena». «Garai hartan askatu ez ziren korapilo horiek berriro ere mahai gainean jarri behar dira herri proposamen batekin, eta borroka hari segida eman», ondorioztatu du.