Vianako Erentzun ikastolako zuzendaria

Garbiñe Zulaika Isasti: «Txikiak gara, bai, baina hitzez gara txikiak, handiak baikara gure ekinean»

Gaur-gaurkoz, biztanleen %10ek dakite euskaraz Vianan, eremu ez-euskaldunean dagoen 4.000 biztanle inguruko herri horretan. Biharko, «denek gozatzeko moduko egun ikaragarri polita» prestatu dutela ziurtatu du Zulaikak.

Garbiñe Zulaika Isasti. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Garbiñe Zulaika Isasti. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
unai zubeldia
2026ko urriaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Garbiñe Zulaika Isastik (Zarautz, Gipuzkoa, 1974) seigarren urtea du Vianako Erentzun ikastolako zuzendari karguan. Nafarroako ikastola horretan, berriz, 2016an sartu zen, Lodosako eta Vianako ikastolek Nafarroa Oinez antolatu zuten urte berean. Txikitik eta goxotik eragitearen garrantzia azpimarratu du zuzendariak. «Eragile guztiok elkarrekin egin behar dugu euskararen alde». Helburu bat eta bakarra daukate: «Gure hezkuntza proiektua aurrera atera behar dugu».

Bidean bat eginda, iritsi da aurtengo Nafarroa Oinez jaia. Zer gorputzaldirekin zaudete?

Alde batetik, urtebete daramagu bete-betean lanean, eta nekea nabaritzen dugu. Baina, bestetik, helmuga hortxe dugu, eta ilusioz gainezka eta gogotsu heldu diogu azken txanpa honi.

Viana eta Zizur Txikia. Bi herri, bi ikastola eta bi errealitate. Baina helduleku bera: euskara.

Hala da. Nafarroan oso egoera desberdinean dauden bi ikastola dira San Fermin eta Erentzun, baina saretzea da Nafarroako ikastola guztien eginbeharra eta helburu berbera daukagu denok. Elkarri lagunduz, aurrera aterako dugu euskararen aldeko jai erraldoi hau.

«1978an, oilategi txiki batean ekin zion bideari Vianako Erentzun ikastolak, hamazazpi ikasle eskasekin»

Sarea, elkarlana... Inoiz baino pisu handiagoa daukate hitz horiek zuen egunerokoan, ezta?

Bai... zaila delako lan berari ekiteko bi ikastolak ondo uztartzea. Baina, aldi berean, gauza asko erakutsi dizkigu egoera honek eta oso jende interesgarria ezagutu dugu bidean. Bidean bat gara-k erakutsi digu nahiz eta batean eta bestean egiteko moduak oso desberdinak ditugun, besteengandik asko daukagula ikasteko.

Zizur Nagusiaren eta Galarren artean prestatu duzue ibilbidea, Vianatik urrun samar, baina zuen herria ere oso presente izango duzue aurtengo Nafarroa Oinez-en, ezta?

Gu saiatu gara urte osoan presente egoten, noski. Txikiak gara, bai, baina hitzez gara txikiak, handiak baikara gure ekinean. Jaia ez genuen kokatu nahi ikastolarik gabeko herri batean; erronka moduan hartu genuen errealitate desberdineko bi proiektuk elkarri eskua ematea. Leloari helduta, jaia bidean egitea erabaki genuen; ez Zizur Txikian eta ez Vianan: bideko herri bat aukeratu genuen, ikuspegi sinbolikoa kontuan hartuta. Zizur Nagusiak baldintza eta baliabide tekniko onak eskaini zizkigun, eta aurtengoa hor egitea erabaki genuen. Ikusiko dugu nolakoa den emaitza.

«Muturreko egoeran bizi gara, baina horrek berak handi bihurtzen du txikitasunetik egiten dugun lan hori guztia»

1978an ireki zituen ateak Erentzun ikastolak, hamazazpi ikaslerekin. Kopuruz eta izaeraz, gaur egun nola zaudete?

1978an, oilategi txiki batean ekin zion bideari Vianako Erentzun ikastolak, hamazazpi ikasle eskasekin. Pausoka-pausoka, amets hori aurrera doa pixkanaka; horren erakusgarri, gaur egun 121 ikasle dauzkagu gure ikastolan. 4.000 biztanle inguru ditu Vianak, eta herritarren %10ek dakite euskaraz. Ondorioz, Vianan, gaur-gaurkoz, oraindik oso urrun dago euskaraz bizitzeko helburua. Ikastolaren eremuan bai, hor euskara erabiltzen dugu egunero, euskaldun gara komunitate guztia, eta euskaraz bizi gara, baina hortik kanpo bide luzea daukagu egiteko. Dena den, ikuspegi hori badugu, eta misio eta anbizio hori barneratuta dauzkagu etorkizunean ere pausoak ematen jarraitzeko.

Logroñotik 9 kilometrora, eremu ez-euskaldunean dago zuen ikastola. Pentsatzekoa da pareta hori parez pare izango duzuela egunerokoan, ezta?

Zalantzarik gabe. Kanpotik begiratuta, pentsa liteke oso polita dela horrela bizitzea eta erronka hauei guztiei aurre egitea, baina oso latza da gure egunerokoa. 9 kilometrora daukagu Errioxako muga, eta lau kilometro eskasera daukagu Arabako muga. Beraz, eremu ez-euskaldunean eta muga-mugan bizi gara gu; muturreko egoeran bizi gara, baina horrek berak handi bihurtzen du txikitasunetik egiten dugun lan hori guztia. Guk ez daukagu zalantzarik: irmo eta tinko egingo dugu aurrera.

Biharko egunaren zain egongo dira gehienak, baina urte guztiko lana dago Nafarroa Oinez jaiaren atzean. Azken urtebete honetako zer azpimarratuko zenuke bereziki?

Nafarroa Oinez-en jiran, ekitaldi asko egiten ditugu urte guztian, eta ikaragarria da hori guztia gauzatzeko boluntarioek egiten duten lana. Jendearen nahia azpimarratuko nuke nik bereziki, inguruko horiek guztiek ematen diguten indarra eta berotasuna. Ohikoa den moduan, ekinaldi bakoitzak du bere xarma, baina sanferminetako txokoa da ikaragarri gustatzen zaidan jardueretako bat. Izan ere, ekinaldi hori ez da egun bakarrera mugatzen, aste osoko jarduna izaten da sanferminetakoa, eta bikaina da Iruñean bertan zazpi egunez euskal giro hori sortzea eta mantentzea.

«Jendearen nahia azpimarratuko nuke nik bereziki, inguruko horiek guztiek ematen diguten indarra eta berotasuna»

Hitz gutxitan nola irudikatuko zenuke zuen ikastolako familien inplikazioa?

Inplikazioak berekin dakar zerbaitetan irmo sinistea, eta Vianan, funtsean, bizitzeko modu bat da euskalduna izatea. Adibide modura, aurtengo Nafarroa Oinez jaiak erabat baldintzatu du gure ikastolako 90 familien eguneroko agenda. Gutxi gara gure komunitatean, baina jardueretara familia bakoitzetik ez da kide bakarra etortzen; familiak daude inplikatuta hemen, familia osoak. Ondorioz, eredugarriak gara geure seme-alabentzat eta baita Vianarentzat eta gizarte guztiarentzat ere. Ez gara ikusezinak, eta guztiek ikusten dute zertan ari garen, nola lan egiten dugun eta zertarako lan egiten dugun: euskararen alde ari gara gu eguneroko lanean.

2016an Lodosako eta Vianako ikastolek antolatu zenuten Nafarroa Oinez. Eta 2007an eta 1992an ere Erentzun ikastolak antolatu zuen Nafarroako ikastolen aldeko jaia. Zer ikasi zenuten orduan?

Ikastola honetan ondo neurtzen, baloratzen eta hausnartzen dugu egiten dugun guztia. Gaur egun, ikastolan ditugu 1992an Nafarroa Oinez-en lanean hasi ziren haietako batzuen bilobak, eta, erreferentziaz, badugu haien guztien berri. Horrez gain, 2007an batzordekide zirenak ikastolara deitu ditugu, eta gurekin lanketan ari dira orain, euren ikuspegia emanez. Oso presente dauzkagu egunerokoan. 2016an, berriz, esperientzia pilotu bat jarri genuen martxan Lodosako ikastolarekin, eta oso ederra izan zen. Aurkezle lanetan aritu nintzen ni orduan. Emankorra izan zen hura ere, baina jaia handitzen ari denez eta gaur egun auzolan erraldoi hau antolatzeko adina baliabide ez daukagunez, Zizur Txikiko San Fermin ikastolarekin elkarlana sustatzea erabaki genuen. Laugarren Nafarroa Oinez dugu guk eta denetatik atera daitezke ikasgaiak, aurrera egiteko gogoa eta jende interesgarria.

«Ekonomikoki behar ikaragarriak ditugu. Proiektu jakin bat ez: ikastolak aurrera egitea da helburua eta beharra»

Zer behar berezi ditu gaur egun zuen ikastolak? Zertara bideratu nahi duzue Nafarroa Oinez-en bilduko duzuen dirua?

Gure hezkuntza proiektua aurrera atera behar dugu; Vianan, eremu ez-euskaldun honetan, ikastolak aurrera egin dezan bermatu behar dugu. Horretarako, tristea da, baina ekonomikoki behar ikaragarriak ditugu. Euskararen eta euskal kulturaren transmisio eta dinamizazio honetan, bultzada bat eman behar diogu geure lanari, eta bideragarritasun ekonomikoa bermatu beharra daukagu horretarako. Proiektu jakin bat ez, ikastolak aurrera egitea da helburua eta beharra.

Biharko jaiaren atarian, zer mezu bidaliko zenieke herritarrei?

Eragile guztiok elkarrekin egin behar dugu euskararen alde; denok batera egin behar dugu euskara normalizaziora eramango duen bide hori. Ez dugu itxaron behar bide hori egina egon arte horra salto egiteko; denok gara beharrezkoak aurrera egiteko. Beraz, etorri Nafarroa Oinez-era, oso egun polita pasatuko dugulako elkarrekin. Denok gozatzeko moduko egun ikaragarri polita prestatu dugu.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA