Ameriketako jatorrizko zazpi hizkuntzako ordezkari elkartu ziren atzo Iruñean, Txikiak Handi manifestua sinatzeko eta hizkuntza gutxituen «handitasuna eta normalizazioa» aldarrikatzeko. Aimara, maia, kaqchikel, maia yucateco, nasa, nahuatt, papuzugun eta quechua hizkuntzen alde lan egiten duten hemeretzi ordezkarik elkarren artean zubiak eraikitzeko borondatea berretsi zuten sinadura horren bitartez.
Nafarroa Oinez-eko egitasmo iraunkorra da Txikiak Handi manifestua, eta Etxarriko Andra Mari ikastolak idatzitako dokumentua du oinarri, euskararen aldeko jaia duela bi urte egin zuenean idatzitako dokumentua, hain zuzen ere. Hizkuntzak «altxor kulturalak» direla esaten du dokumentuak, eta munduk herrialdeei «aniztasuna eta aberastasuna» emateaz gain herri eta pertsonen garapenerako «funtsezko» tresnak direla nabarmentzen du.
Aurtengo Nafarroa Oinez Tafallako Garces de los Fayos ikastolak antolatuko du, eta ikastola horretako ordezkariak ere egon ziren Iruñeko Erraldoien Txokoan, sinatzeko ekitaldian, Nafarroako Ikastolen Elkarteko ordezkariekin batera. Hain zuzen ere, hemeretzi sinatzaileak ikastola horretara bildu dira, hango Haur Hezkuntzako murgiltze eredua eta han egiten den hezkuntza lana ezagutzeko.
Sinatzeko ekitaldiaren ostean, Amerikako jatorrizko hizkuntzen inguruan hitzaldia eman zuten Alberto Barandiaranek,Gualberto Vicente Quispek eta Yazmin Yadira Novelok.
Txikiak Handi manifestuak Ameriketara egin du jauzi
Hizkuntza gutxituen «normalizazioa» aldarrikatu dute Ameriketako zazpi hizkuntzatako eledunek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu