Juan Paredes Txiki-ren eta Angel Otaegiren omenez egindako mural bati eraso egin diote Durangon (Bizkaia). Ernairen esanetan, eraso horrek agerian uzten du memoria eta askapen prozesua «mehatxupean» daudela oraindik ere, eta erantzuteko deia egin dute: gaur 18:30ean inguru hartan elkartuko dira, murala berregiteko.
«Durangoko Ernaik irmoki salatzen du gertatutakoa; izan ere, eraso faxistek eta espainolistek ez dute lekurik», adierazi du gazte antolakundeak, sare sozialetan. Hain zuzen, Ernaik egina da horma irudia, eta ETA politiko-militarreko bi kideen irudiekin batera Zuen borrokak darrai. Ekin eta bultza askatasunera leloa zuen idatzia. Asteartetik asteazkenerako gauean, baina, horiek zikindu zituzten tintaz, eta etarras idatzi zuten azpian.
Ernairen esanetan, Txikiren eta Otaegiren memoria aldarrikatzea «erregimen faxista baten biktimei egiten zaien aitortza soila» baino gehiago da: «Askatasun guztien aldeko borrokaren oihua da». Izan ere, antolakundeak adierazi du egun ere «zapaldua» dagoela Euskal Herria.
Ernaik abagunea baliatu du antolakundeak irailaren 14rako Donostian antolatu duen mobilizazioan parte hartzeko deia egiteko. Bilboko Aste Nagusiaren harira egindako elkarretaratzean ere gauza bera egin zuen antolakundeak. Elkarretaratze hartan, argudiatu zuten «askatasunaren aldeko borrokara batu ziren bi gazte» zirela Txiki eta Otaegi, eta orain gazte belaunaldiari dagokiola «independentziaren aldarria zabaltzea».