EUSKARA

Txillardegiren omenezko plaka bat jarri dute Arantzazun

Oñatiko Udala txalotu du Txillardegi Herri Ekimenak, aitorpen ofiziala egin diolako Alvarez Enparantzaren lanari. Euskaltzaindiari eskari bera egin diote: “publikoki eta ofizialki” aitor dezala Txillardegik egindako ekarpena.

Oñatiko Arantzazun Txillardegiri gaur egin dioten omenaldi ekitaldia. @EHEBIZI
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko irailaren 27a
12:19
Entzun

Datorren astean beteko dira 50 urte Arantzazuko biltzarra egin zutela. Euskara batuaren jaiotza ofiziala izan zen. Urteurrena gogoan, Arantzazun bertan biltzar bat egingo dute datorren astean, Euskaltzaindiak antolatuta; Arantzazutik mundu zabalera (1968-2018) izango du goiburua.

Arantzazun bertan, beste keinu bat egin dute horren aurretik: Milikua ostatuaren horman plaka bat jarri dute Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi gogoratzeko. Oñatiko Udalak hartu du erabakia, aho batez, Txillardegi Herri Ekimenak egindako eskaria onartuta. Txillardegik euskara batuaren alde egindako lana goraipatu dute. Milikua ostatuan egonaldiak egin ohi zituen, eta horregatik jarri dute han plaka.

Ekitaldi xume bat egin dute iluntzean, plaka inauguratzeko. Oñatiko Udalaren erabakia txalotu du herri ekimenak, aitorpen ofiziala egin diolako Txillardegiri. Itxaropena agertu dute Donostian ere gisa bereko erabakiak har ditzaten.

Eskari zehatz bat ere egin dute ekitaldian: Euskaltzaindiari eskatu diote “publikoki eta ofizialki” aitor dezala Txillardegik euskara batua sortzeko eta garatzeko egindako ekarpena. 50. urteurreneko ekitaldiak egingo dituztenez datorren astean Arantzazun, uste dute akademiak “aukera ezin hobea” daukala Txillardegi gogoratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.