1999. urtean Lizarra-Garaziko prozesua lehertu zenean, eta 2000. urtearen hasieratik aurrera ETAk atentatuei berriz ekin zienean, atxiloketak, legez kanporatzeak, euskal presoen urrunketak eta beste indarrean izan ziren berriz, eta bortizkeriazko giroa izan zen nagusi. Garai hartan, Pello Rubio Elgoibarko Txillarre baserriko (Gipuzkoa) ugazabak ezagun zituen alderdi sozialistako buruzagi bat eta ezker abertzaleko beste bat baserrira gonbidatu zituen, otordu goxoen bueltan hitz egiten has zitezen. Paco Egea sozialista lantegian eman zituen urteetatik zuen ezaguna Rubiok. Arnaldo Otegi gaztea ere bai, Txiki eta Otaegiren fusilamenduen kontrako barrikadetan ezagutu baitzuten elkar aurrenekoz, Otegik 17 urte zituela eta Rubiok hamar gehiago. Kanpoko giro bortitzari aurre egiteko, sukaldeko epela eskaini zien Rubiok, eta Egearen ondotik batu zen Jesus Egiguren sozialista, eta beste hainbat gero. Mahai hartatik sortu ziren gero beste batzuk: Loiolakoa, Genevakoa, Oslokoa... Hura nola egin zuen kontatzeko ondu dute Asier Ibaibarriagak eta Edurne San Martinek: Txillarreko sukaldaria. Pello Rubiori elkarrizketa (Elkar). Gaur aurkeztu dute liburua, Donostian, Elkarren.
Ikusi gehiago
Rubiok azaldu du elkarrizketak hasi zituenean bi gauza gerta zitezkeela: hartu-emana sendotu edo dena lehertu. Rubiok asmatu zuen nola sendotu: «hona etortzen zenak beti eramaten zuen baratzeko barazkiz betetako saski bat etxera». Hala ere, ez ditu zailtasunak ezkutatu: «Batzuetan gogorra izan zen. Lauzpabost urte zailak izan ziren, baina horrela behar zuen, ez genuen beste modurik hori egiteko».
«Ikasi dut politikan egun batetik bestera alda daitezkeela gauzak. Horrela da politika. Baina ni ez naiz bakarrik saskian letxugak sartzen aritu»
PELLO RUBIO Txillarre baserriko jabea
Izan ere, Rubiori «gauza konplikatuak» gustatzen zaizkio, «errazek ez didate ezer esaten». «Bi mundu ezberdin ezagutu nituen, eta bi mundu horiek elkartzera ausartu nintzen. Errespetua baldin badago elkarren artean, aurrera egin daiteke. Pixkanaka joan ziren pausoak ematen». Haren esanetan, mugarria izan zen Jose Luis Rodriguez Zapaterok Espainiako Gorteetarako hauteskundeak irabaztea 2004an. «Ikasi dut politikan egun batetik bestera alda daitezkeela gauzak. Horrela da politika. Baina ni ez naiz bakarrik saskian letxugak sartzen aritu», gaineratu du, iradokiz bitartekari, mezulari eta beste ere izan dela sukaldari eta baserritar izateaz gain.
Zehaztu nahi izan du, gainera, konta zitekeena soilik kontatu duela eta bizpahiru orri liburutik kendu zituztela Egigurenek hala eskatuta, hari dion «errespetuagatik». Izan ere, alderdi sozialistako kide batzuen izen-abizenak aipatzen zituzten orri horietan.
«Isilean eta goxo»
San Martin eta Ibaibarriagarentzat «aitortza» bat ere bada liburu hau, aitortza Rubiok abiatu zuen bideari eta egin zuen lanari. San Martin: «Bake prozesu bat hasteko modu bat izan zen, isilean eta goxo lanean hasteko modu bat; hortik aurrera ekarpen bat egin badezake... zoragarri».
Harrituta daude egileak; izan ere, liburuak bidea hasi baino ez du egin, eta dagoeneko lotu dituzte liburuaz gain ikus-entzunezkoa plazaratzeko 25 aurkezpen. Liburuaren jatorria ere azaldu du San Martinek. Eibarko (Gipuzkoa) Arrate auzoko jaietako herri bazkarian ezagutu zuen Rubio. Bazkalorduan alboan egokitu zitzaion, eta, Rubio pasadizoak kontatzen hasi zitzaionean, San Martinek esan zion ezin zuela hori dena berarentzako gorde, kontatu egin behar zuela. Ez zion ezezkorik esan.
San Martinek Ibaibarriagari esan zion ea elkarrekin egingo zuten aurrera, eta Rubiorekin bizpahiru bazkari egin behar izan zituzten haien artean konfiantza giro bat sortzeko ere. Hortik aurrerakoa errez joan zela azaldu dute. Gidoia pasatu, eta hiru ordu eta erdiko grabazio batean kontatu beharrekoak kontatu zituen Rubiok, egileen arabera. Ibaibarriagak pentsatu zuen merezi zuela kontakizuna grabatzea, ikus-entzunezkoek egun duten indarra kontuan izanda, eta ideia horretatik tiraka egin zuten gero dokumentala.
Beste grabazio bat egin zuten gero, irudiak lortzeko, beste egun batean. Trailerrean Arnaldo Otegi eta Jesus Egiguren elkarrekin ikus daitezke, Txillarre aurrean, eta horrek dokumentalarekiko jakin-mina areagotu duela uste dute egileek.
Bake bide bat urratzen lagundu zuen baserritarraren dokumentala herriz herri ibiliko da laster. «Dokumentalean ezin izan dugu dena sartu. Liburua osoagoa da», gaineratu dute egileek.