Txosnei babesa agertzen jarraitzeko eskatu dute Gasteizen gaur. Jaien bezperan, Txosnak. Gureak, denonak dinamikako kideek agerraldia egin dute txosnetan; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zenbait txosnagune eta jai batzordetako kideak elkartu dira. Maiatzaren 31tik abian dute txosnak Euskal Herriko ondare immaterial izendatzearen aldeko sinadura bilketa, eta jakinarazi dute oraingoz 20.000 lagunek izenpetu dutela eskaria.
Agerraldian, azaldu dute txosnen eta jai herrikoien eredua «arriskuan» dagoela, eta tratu berezia izan beharko lukeela. «Ez dugu nahi enpresak bagina bezala tratatu gaitzaten», adierazi dute. Alde horretatik, gogorarazi dute Gasteizko txosnetan Ticket Bai sistema ezarriko dutela aurten lehen aldiz, iaz bezala isunik izan ez dadin.
Txosnak. Gureak, denonak dinamikaren aurkezpenean egin zuten moduan, azpimarratu dute txosnak ez direla «edariak zerbitzatzen diren barra bat soilik»: «Jai herrikoien bihotza, elkartzeko eta elkar zaintzeko guneak, herriak bere nortasuna ospatzen duen lekua dira; gure izateko moduaren parte». Are, esan dute «tresna politiko, sozial eta kulturalak» direla.
Horregatik, «eredu ireki, aske, herrikoi eta euskaldun horrek» bizirik jarraitzea nahi dutela nabarmendu dute. «Gure ospakizunak edukiz hustu nahi dituztenen kontra, konpromisoaren, aniztasunaren eta autogestioaren alde egiten dugu guk».