U-15eko grebarengatik irakasleei ordainduko ez zaien dirua UNRWAri ematea galdegin du Irakasleok Palestinarekin taldeak

Elkarteak agiri bat erregistratu du Nafarroako Hezkuntza Departamentuan, eskatuz diru hori Gazara bidal dezatela, «hango hezkuntza azpiegiturak berreraikitzeko».

Palestinaren aldeko manifestazioa, urriaren 15ean, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Palestinaren aldeko manifestazioa, urriaren 15ean, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2025eko urriaren 29a
15:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urriaren 15ean lanuzteak egin zituzten Euskal Herriko ikastetxe gehienetan, Palestinako genozidioa salatzeko. Greba egun guztietan bezala, beraz, langileek jasoko duten hurrengo nominan deskontatu eginen zaie lanegun horri dagokion dirua. Irakasleok Palestinarekin taldeak kanpaina abiatu du Nafarroan, zera eskatzeko: administrazioak aurreztuko duen diru hori eman diezaiola UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoari.

«Nazio Batuen Erakundearen agentzia bat da, palestinarrek itzultzeko duten eskubidea aitortzen du, eta, beraz, nazioarteko zuzenbidearen ikuspegitik, eskubide hori gauzatzeko egitura nagusia da», adierazi du taldeak ohar batean. Irakasleok Palestinarekin taldeak gogorarazi du Israelek berriro urratu duela su-eten akordioa, eta premiazkotzat jo du Gazara laguntza bidaltzea: «Egun, Israelek Gazako hezkuntza azpiegitura ia guztiak suntsitu ditu, NBEko eskolak ere bonbardatuz. Haurrek bi urte daramatzate eskolara joan gabe, genozidio honen ondorioak pairatzen eta bizirauteko borrokan».

Hori dela eta, greba eguneko dirua UNRWAri igortzeko kanpaina abiatu dute irakasleek, eta eskaera aurkeztu dute gaur goizean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren egoitzan. Eskaera agiria erregistratzearekin batera, gutun bat ere igorri diote Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.