U14 kolektiboko lau kide epaituko dituzte bihar Baionan

Urtarrilean atxilotu zituzten, kolektiboaren kontrako sarekada batean. Iazko uztailaren 14ko manifestazioan Poliziaren kontrako «heriotza mehatxuak» egitea leporatzen diete, besteak beste.

U14 kolektiboak Ezpeletan iazko uztailaren 14an egin zuen protesta. PATXI BELTZAIZ
U14 kolektiboak Ezpeletan iazko uztailaren 14an egin zuen protesta. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko ekainaren 1a
15:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

U14 kolektiboaren kontra eginen du beste behin Frantziako Justiziak. Lau kide epaituko dituzte astearte honetan Baionako auzitegian, iazko uztailaren 14an Ezpeletan egin zuten manifestazioaren ondorioz. Poliziaren kontra jardutea eta baimendu gabeko manifestazio batean parte hartzea leporatzen diete, besteak beste.

Urtarril hasieran atxilotu zituzten laurak, Lapurdin zehar egindako sarekadan. Honako hauek leporatu zizkien orduan Mariel Garrigos Baionako prokuradoreak: Segurtasun indarrei taldean irainak eta heriotza eta andeatze mehatxuak egitea; aurpegia estalita ibiltzea; krimen edo delitu bat egiteko probokazio publiko eta zuzena egitea; eta deklaratu gabeko manifestazio batean parte hartzea. Atxilotutako laurak kargurik gabe atera ziren, baina prokuradoreak erran zuen ikerketak zabalik jarraitzen zuela. Azkenerako, laurak auzipetzea erabaki du.

Haserre mintzatu ziren orduan U14ko kideak: «Hemen zigortzen dutena ez da lege urraketa bat; militante batzuek eramaten duten jardun politikoa zigortzen ari dira», salatu zuten. «Gure jardun politikoa kriminalizatuko dute, eta bortitzak garela esan. Gaur argi ikusi da berriz ere norena den bortizkeria: askatasunaren aldeko manifestazio batean parte hartzeagatik txakurtegian bukatzen dugu militanteek».

Hamalau atxiloketa

2021ean sortu zenetik, behin baino gehiagotan egin dute U14 kolektiboaren aurka. Ordutik, haien kontrako hamalau atxiloketa izan dira orotara. Iazko urrian sei kide epaitu zituzten, eta isunak eta manifestatzeko debekuak ezarri zizkien epaileak. Epaiketan jakin zen jarraipena egin zietela kolektiboko hainbat kideri, eta asteetan aritu ziren Hendaiako (Lapurdi) Enbata gaztetxea zaintzen. 

Larunbatean elkarretaratzea egin zuten Hazparnen (Lapurdi), auzipetutako lau kideei babesa adierazteko. «U14koek argi dugu, zapalkuntza forma guziak ez dira horiek plantan ezartzen dituzten instituzioen bidez gaindituko, horiek deseginez eta horietatik emantzipatuz baizik», adierazi dute berriki iritzi artikulu batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE