Azken denbora hauetan, iduri luke hozka batez igan dela estatu errepresioa, kapitalismoaren krisiaren eta faxismoaren gorakadaren ondorio zuzen eta ikuspegi kritiko zein alternatiboen kontrako erantzun gisa. Testuinguru horretan kokatu behar dugu U14 kolektiboak gaur egun jasaten duen errepresioa. Izan ere, frantses asimilazioa eta beraz frantses estatua seinalatzen eta salatzen ditu U14k.
Estatua eta bere lege burges nazionalistak gizartetik haratago kokatzen dizkigute irudimen kolektiboan, zilegitasun puru batetik heldu balira bezala, hunkiezinak bezain sakratuak. Manera horretan irauten du estatu zapaltzaileak, bortizkeria bidezko kontrol soziala bermatuz, eta beren boza entzunarazten duten taldeak ekonomikoki, juridikoki edo moralki erreprimituz. Errepresioa ez da estatuaren koiunturazko tresna bat, bere izaera zapaltzailearen baitan esentzialki bizi den baliabidea baizik; errepresiorik gabe, estatu kapitalista eta inperialistarik ez legoke.
U14koek argi dugu, zapalkuntza forma guziak ez dira horiek plantan ezartzen dituzten instituzioen bidez gaindituko, horiek deseginez eta horietatik emantzipatuz baizik
Inposatuak zaizkigun instituzio burgesetatik haratago antolatzen bagara, xahu beraz. Entzun ohi dugu antolatu nahi badugu aski dugula bide demokratikoa erabiltzea, eta beste alderdi instituzionalista bat sortzea. Hori da tolerantzia liberala, edo kontsentsu faltsua ere dei genezakeena, itxaropen purruska zonbait eskaintzea, gatazka instituzionalizatuz eta beraz betikotuz. U14koek argi dugu, zapalkuntza forma guziak ez dira horiek plantan ezartzen dituzten instituzioen bidez gaindituko, horiek deseginez eta horietatik emantzipatuz baizik.
Hori dela eta, hainbat dira 2021eko U14ren sorreratik jasan ditugun errepresio kasuak; orotara 14 atxiloketa, ordu luzeak polizia etxeetan, milaka euro isun, segipenak, lan behartuak, manifestatzeko debekuak eta baita lan debekuak ere. Horri guziari gehitu behar zaizkio justizia fresak eta kalte moralak ere. Azken lau atxiloketak joan den urtarrilean gertatu ziren, 2025eko manifestaldian aurpegia estalita ibiltzeagatik edota poliziei «heriotza mehatxuak» egiteagatik, besteak beste. Azken leporatze horiek harira, auzia ekainaren 2 honetan iraganen da, Baionan.
U14k jasaten duen errepresioari begira, bi hitzordu ditugu: lehena, maiatzaren 30 honetan, Hazparneko Ttattola gaztetxean. Bigarren hitzordua ekainaren 2an izanen da, 13:00etan, Baionako epaitegiaren aitzinean, auzipetuen sustenguz elkarretaratzeko.