Udalbiltza udal hautetsien nazio erakundeak zuzendaritza berria hautatzeko batzar bat egingo du larunbat honetan, Durangon (Bizkaia), San Agustin kulturgunean, 12:00etan. Hamahiru laguneko batzorde eragile bat aukeratuko dute, eta lehendakari aldaketa egongo da. Azkeneko urteetan Luis Intxauspe egon da lehendakaritzan, eta utzi egingo du kargua, joan den maiatzeko udal bozetatik aurrera jada ez baita hautetsia. Intxauspek 2016ko otsailean hartu zuen lehendakari kargua —Hernaniko (Gipuzkoa) alkatea zen—, Mertxe Aizpuruaren partez, Atarrabian (Nafarroa) egindako bilkura batean.
Etziko batzarrean, lehendabizi, Ima Garrastatxu Durangoko alkate eta udalbiltzakideak agur mintzaldi bat egingo du, eta, ondoren, omenaldia egingo diete Udalbiltzaren sorreratik (1999ko iraila) egondako batzordekide, langile eta auzipetuei; haietako zenbait izango dira etziko ekitaldian. Gero, Udalbiltzaren 2018-2021 arteko plangintzako proiektuak zertan diren azalduko dute: Ikerbiltza, Hurbiltzen, Hartu-eman, Lurgida, Hauspotu...
13:00 aldera hautatuko dute zuzendaritza. Lehendakari batek, bi lehendakariordek eta beste hamar kidek osatuko dute batzorde eragilea. Egungo zuzendaritzak proposamen bat aurkeztuko die batzarrean dauden udalbiltzakideei, eta orduan erabakiko dute. Lehendakari berriak hitza hartuko du ondoren. Batzarra bukatu ondotik, mokadu bat egingo dute Plateruena Kafe Antzokian.
Mila udalbiltzakide
Duela bi hilabeteko agerraldi batean, Udalbiltzak jakinarazi zuen Hego Euskal Herriko legealdi berrian seiehun hautetsi atxiki direla eta, denera, milara heltzeko helburua zuela. Gaur egun kopuru horren inguruan dabiltza.
EAJ, EH, EA, AB eta talde independenteetako hautetsiek sortu zuten Udalbiltza, duela hogei urte, Lizarra-Garazi akordioaren garaian. Ituna bukatu zenean, bitan zatitu zen Udalbiltza —EAJ eta EAkoena zegoen, batetik, eta ezker abertzalekoena, bestetik—, eta, gainera, Espainiako Auzitegi Nazionalak ezker abertzaleko hautetsiez osatutakoaren aurkako epaiketa egin zuen. Absoluzioa eman zuen 2011n. Handik bi urtera, nazio erakunde berrantolatua aurkeztu zuten, batez ere Bilduko eta EH Baiko hautetsiez osatutakoa. EAJk duela bost bat urte bukatu zuen Udalbiltza-Udalbide.