UEMAk Udalerri Euskaldunen Eguna antolatu du maiatzaren 16rako, Otxandion

UEMAko batzarra egingo dute; Elgorriagak kide izatea eskatua du, eta, onartuz gero, mankomunitateak 121 kide izango ditu.

Udalerri Euskaldunen Egunaren aurkezpena, Otxandion. UEMAK UTZITAKOA
Udalerri Euskaldunen Egunaren aurkezpena, Otxandion. UEMAK UTZITAKOA
Irati Urdalleta Lete.
2026ko maiatzaren 7a
14:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak antolatuta, Udalerri Euskaldunen Eguna egingo dute maiatzaren 16an, Otxandion (Bizkaia). Honatx ekinaldiaren bi xedeak: udalerri euskaldunen ekarpena festa giroan ikusaraztea eta aurrera begirako erronkak nabarmentzea.

Gaur aurkeztu dute egunaren egitaraua. Iratxe Lasa Markina-Xemeingo (Bizkaia) alkate eta UEMAren zuzendaritza batzordeko kideak agerraldian azaldu duenez, maiatzaren 16koa «udalerri euskaldun guztien eguna» izatea nahi dute, ez UEMAko kide direnena bakarrik, eta festa giroan nabarmendu asmo dute udalerri horiek guztiek euskararen biziberritzean egiten duten ekarpena: «Udalerri euskaldunak eta euskararen arnasguneak ezinbestekoak ditugu, eta horien ekarpena eta garrantzia gogoratuko dugu berriro ere, oraingoan, Otxandion».

Aurtengoa, gainera, UEMAren hitzetan, «testuinguru berezian» dator. UEMAk eskatuta, Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa ikerketa egin zuen Siadecok, eta bertan ondorioztatu dute egungo norabidean jarraituz gero ia ez dela arnasgunerik geratuko 2036rako. Horren aurka, esnatzeko deia egin du UEMAk.

Otxandioko euskara zinegotzi Maider Arejolaleibak ere hartu du hitza. Adierazi duenez, Otxandio herri euskalduna da: «Otxandio udalerri euskalduna da, eta harro gaude otxandiarren izaeraren eta nortasunaren ezaugarri nagusienetakoa euskara izateaz, euskaldunak izateaz». Horregatik, pozez hartu dute eguna antolatzeko gonbidapena: «Ilusioz aritu gara lanean azken hilabeteotan, eta maiatzaren 16an ilusio horretara batzeko deialdia egin nahi diegu herriko, eskualdeko eta Euskal Herri osoko euskaldun guztiei. Hasieratik, gainera, argi izan dugu honek ezin zuela izan UEMAren eta Udalaren arteko kontua soilik, ekimen herrikoia baizik. Herriko elkarte eta eragileei dei egin diegu elkarlanean eguna antolatzeko, eta bikain erantzun dute».

«Euskaldun guztiak gonbidatuta zaudete. Egitarau ederra antolatu dugu maiatzaren 16rako eta, beraz, Otxandion esku zabalik hartuko zaituztegu». Egun osoko egitaraua ondu dute, eta, goizean, UEMAko batzarra egingo dute. UEMAko kide izateko eskatu du Elgorriagak (Nafarroa), eta, onartuz gero, 121 udal izatera iritsiko da UEMA.

Abestia

Egitaraua ez ezik, Udalerri Euskaldunen Eguneko abestia ere aurkeztu dute: Zazpi harri, zazpi herri. Sergio Meurio eta John Learretak sortu dituzte abestia eta musika, eta Otxandioko eskolan bertan osatu dituzte hitzak. Ahotsa ere Otxandioko eskolako ikasleek jarri diote abestiari.

Egitaraua

  • 10:00. Diana, Kaleik Kale txistulariekin.
  • 10:30. UEMAren Batzar Nagusia, Mainondon.
  • 11:30. Herri kirolak haurrentzat, plazan
  • 13:00. Ekitaldia, plazan.
  • 13:45. Kalejira udal bandarekin.
  • 15:00. Bazkari herrikoia. 
  • 18:00. Kalejira Basogaira, Urbiribil elkarteko dultzaineroekin.
  • 18:30. Zazpi harrien inaugurazio ekitaldia, Basogain. Bertsolariak, Oihandi abesbatza, Urduri dantza taldea, Kaleik Kale txistulariak…
  • 19:15. Kalejira Basogaitik plazara.
  • 20:00. Errigorako produktuen dastaketa, plazan.
  • 21:00. Erromeria Lorratz taldearekin, plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA