UEUfestak antolatu dituzte, mende erdia jai giroan ospatzeko

Ekainaren 1etik 16ra ekitaldi ugari egingo dituzte, musika, bertsoa eta hitzaldiak uztartuta. Komunitatea «biltzea eta omentzea» da xedea

Idoia Torregarai, Kepa Sarasola eta Joxe Ramon Etxebarria, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
2022ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udako Euskal Unibertsitateak mende erdia betetzen duela ospatzeko, UEUk jai giroko ekitaldiak prestatu ditu ekainaren 1etik 16ra. Sei festa izango dira, bost hiriburutan eta UEUren egoitzan, Eibarren (Gipuzkoa). Besteak beste, tokian tokiko ikertzaile gazte eta «beteranoek mikrohitzaldiak» eskainiko dituzte, eta hainbat bertsolari eta musikarik ere parte hartuko dute. Antolatzaileen hitzetan, helburua da UEUren komunitatea «bildu, omendu eta ospatzea».

UEUk atzo egin zuen jaien berri emateko agerraldia. Xabi Lozano UEUko kideak azaldu zuenez, unibertsitatean egiten diren ekitaldiak «serioak» izan ohi dira, eta, «beharrezkoak» izan arren, UEUren izaera «gertukoa» eta «herrikoia» dela argudiatu zuen. Horri erantzuten dio egitarauak: ekainaren 1ean egingo dute lehenbizikoa, Eibarren, eta Baionan amaituko da, ekainaren 16an.

Jaialdi horietan egongo direnetako batzuk hauek dira: Ursula Luna, Marina Landa, Jone Galdos, Olatz Arbelaitz, Irati Majuelo eta Aroia Burguete. Gainera, Miren Artetxe, Maddi Ane Txoperena, Unai Iturriaga eta Jone Uria bertsolariek ere parte hartuko dute. Musikariak ere egonen dira; besteak beste, Abereh eta Mikel Karton.

Ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago. Hamar euroko prezioa izanen dute. Lehen astea ekainaren 27tik uztailaren 1era izango da, Iruñean, Bilbon, Eibarren eta Donostian; jarraian, uztailaren 4tik 8ra, Gipuzkoan izango dira jarduera guztiak, Eibarren eta Usurbilen (Gipuzkoa). Uztailaren 11tik 15era, Baionan eta Eibarren egingo dira azken topaketa eta ikastaroak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.