Ukrainako inbasioaren bigarren urtemugaren harira, elkarretaratzeak egin dituzte

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna eta Gerrarik Ez batu dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, gerra amai dadila eskatzeko eta gastu militarra gaitzesteko; Ukrainaren aldeko elkarteak Bilbon eta Iruñean batu dira, Errusiaren jarreraren aurka.

Donostian gaur gerren aurka egin duten elkarretaratzea. GORKA RUBIO / FOKU
Donostian gaur gerren aurka egin duten elkarretaratzea. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2024ko otsailaren 24a
17:00
Entzun

Bi urte pasatu dira Errusiako armadak Ukraina inbaditu zuenetik. 2022ko otsailaren 24 hartan, bazirudien gerra denbora gutxiko kontua izango zela, baina ez da oraindik amaitu, eta, gatazkaren gainean kezka erakuste aldera, elkarretaratzeak egin dituzte gaur Euskal Herriko hainbat tokitan.

Batetik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna eta Gerrarik Ez mugimendua Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan batu dira; gerra amaitzeko eskatu dute, eta gastu militarra ere gaitzetsi dute. Zehaztu dute gastu hori %23 handitu dela urteotan. «Mendebaldeko gobernuak gerra luzatzeko egiten ari diren apustua onartezina» iruditzen zaie, eta «moral bikoitza» leporatu diete, Israel Palestinan «genozidioa» egiten ari bada ere hura ez dutelako zigortu.

Gerrak Europara ekarri dituen arazoez ere ohartarazi dute: «Inflazio prozesuak eta gastu sozialen murrizketa militarismoaren beste aldea dira».

Bilbon, Iruñean eta Baionan, bestalde, Ukrainaren aldeko elkarteek deitutako elkarretaratzeak egin dituzte, eta hainbat herritar eta ordezkari instituzionalak ere batu dira horietara. Gerratik ihesi datozen familiak oraindik ere «egunero» heltzen direla gogorarazi dute. Bilboko protesta propio Ukrania SOS-Euskrania taldeak eta Ekialde fundazioak antolatu dute. Nahigabea azaldu dute Ukrainako herritarrak pairatzen ari diren «oinazearengatik».

Protesta horretan, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu diputatu Teresa Laespada izan da, eta «harreraren» alde solastatu da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 1.200 sendik Ukrainan gerratik ihesi datozenei harrera egin dietela nabarmendu du, eta txalotu egin du haien ekarpena. Instituzioetatik ere iheslariei arta emateko bideak dituztela gogoratu du: «Etxebizitzak aurkitzen dizkiegu, euskara eta gaztelania ikasteko eskolak ematen dizkiegu, eta lana lortzen ere laguntzen diegu».

Iruñeko protestara propio Ukrainako komunitateak deitu du. Errusiaren «zigorgabetasuna» amaitzeko eskatu dute, eta Putinen aurkako neurriak hartzeko eskea egin diote nazioarteko komunitateari. Baionan ere egin dute elkarretaratzea. 50 bat lagun elkartu dira, ukrainar zenbait tartean, eta minutu bateko isilunea gorde dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.