Unescon eta Turismoaren Nazioarteko Erakundean EAE kide gisa egotea sustatuko du Sanchezen gobernuak

Juntsekin iraganean eginiko akordioa betetze aldera, jakinarazi du eskatuko duela Katalunia eta EAE kide gisa aitor ditzatela NBEren barneko bi erakunde horietan.

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua, gaur, azalpenak ematen, Madrilen. J.J. GUILLEN / EFE
Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua, gaur, azalpenak ematen, Madrilen. J.J. GUILLEN / EFE
gurutze izagirre intxauspe
2025eko abenduaren 15a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak jakinarazi duenez, sustatzen ari dira aurrerantzean EAE kide gisa egon dadin Unescon eta Turismoaren Nazioarteko Erakundean. Nazio Batuen Erakundearen parte dira biak. Kataluniak ere kide gisa parte har dezan sustatuko du, eta Junts Per Catalunya alderdi katalanarekin egina zuen akordioari lotu dio bi herrialdeak erakunde horietan egon daitezela eskatzea. JxCk babesa kendua dio Sanchezen gobernuari, akordio hori ez betetzea egotzita.

Datozen egunetan egingo du Espainiako Gobernuak ofizialki eskaera, eta hori tramitatzen den bitartean, esan duenez, estatutu zabalago bat jarriko dute martxan, «bi lurralde horiek turismoari eta kulturari dagozkien eskumen zabalagoak izan ditzaten».

Gobernuaren kudeaketari buruzko azalpenak emateko agerraldian egin du iragarpen hori, gaur. Ikusmen handia sortu du agerraldiak, PSOE barruko sexu indarkeriari buruzko salaketek eta ustezko ustelkeria kasuek eraginda higatuta baitago Sanchezen gobernua, babes aldetik oso ahulduta. Hauteskundeak aurreratuko dituelako zurrumurrua bolo-bolo badabil ere, 2027ra arte gobernatuko duela berretsi du Sanchezek.

Berri horri buruz galdetuta Maitane Ipiñazar EAJren EBBko idazkariak esan du egoera kezkagarria dela, eta iruditzen zaio Sanchezek ez duela kezka hori arintzeko argibiderik eman. Izan ere, ez du zehaztu zer egingo duen aurrerantzean esku artean dituen gaiekin. «Oin puntetan pasa da alderdian duen egoeraren gainean. Kezka berarekin geratu gara».

Zertarako?

Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak ere hizpide izan du Sanchezen jarraipena. Harentzat, baina, jarraituko ote duen bainoago, gakoa da zertarako jarraitu behar duen. EH Bilduren irudiko, besteak beste, onartu behar du Espainia estatu plurinazionala dela, eta 1978tik indarrean dirauten zenbait erakunde errotik berritu behar dira, epailetza eta segurtasun indarrak, kasurako: «Eskuin muturraren aterpea dira».

PSOErekin lotutako ustezko ustelkeria kasuei dagokienez, berriz, zuhurtziaz jardun beharra aipatu du: «Ni Sanchezekin baserri batean elkartu nintzela ere asmatu zuten; beraz, hori jakinik, uste dut tentuz ibili behar dela iristen den informazioarekin. Baiezta dezakegu EH Bildun ez dagoela ustelkeria kasurik. Eta ustelkeria kasuek eta klientelismoak, han bezala hemen, min handia egiten dute, jendea politikatik urruntzen duelako. Hori errotik garbitu behar da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.