Unibertsitate komunitatean «errespetua eta erantzukidetasuna» sustatzeko protokoloa landuko du EHUk

Errektoretza taldeak parte-hartze prozesu bat abiatuko du, EHU Agora atari digitalaren bidez. Ondarearen zaintza eta elkarbizitza sustatuko dituzte, besteak beste.

 EHUren Leioako campusa, artxiboko argazki batean. MITXI / EHU
EHUren Leioako campusa, artxiboko argazki batean. MITXI / EHU
Ion Orzaiz.
2026ko martxoaren 24a
09:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Unibertsitatearen esparruan errespetua eta erantzukidetasuna landu nahi ditu EHU Euskal Herriko Unibertsitateak. Horretarako, jarduera protokolo berri bat landuko dute, «bitartekaritzan eta ikuspegi errestauratiboan» oinarritua. Ondare publikoa zaintzeari buruzko sentsibilizazio kanpaina bat ere abiatu nahi dute, eta baita eremu publikoak eta propaganda kudeatzeko oinarrizko arauak indartu ere.

EHUko errektore Joxerramon Bengoetxeak prozesuan parte hartzeko gomita egin dio unibertsitate komunitate osoari. Esan du EHUren barruan, oro har, «pertsonen arteko harremanak errespetuan, lankidetzan eta harreman osasuntsuetan» oinarritzen direla, eta harro sentitzeko motibo dela hori, unibertsitate publikoaren «aktibo handienetako bat» baita. Hala ere, onartu du badirela, aspalditik, «printzipio horiekin bat ez datozen portaerak» ere. Bengoetxeak gaineratu du jokabide desegoki horiek eragina izan dutela komunitatearen ongizatean, eta errektore talde baten baino gehiagoren agintaldietan azaleratu direla.

«Egoera horiek ez dira berriak, baina ez gaituzte horregatik gutxiago kezkatzen; aitzitik, erantzukizunez hartzen ditugu, eta arduraz heltzen diegu errektore talde gisa», adierazi du, eta nabarmendu beharrezkoa dela egoera horiei heltzea modu «egituratuan, partekatuan eta koherentean».

Agora digitala

Protokoloa lantzeko prozesua «parte hartzailea» izanen dela azpimarratu du errektoreak. Horretarako, EHU Agora izeneko kanal digitala abiaraziko dute datorren astean, «komunitate osoak bere ikuspegia eman, kezkak aipatu eta esparru komun horren eraikuntzan aktiboki lagundu dezan». Errektore taldearen ustez, agora digitala «funtsezko tresna bat» da «gobernantza irekiagoa, parte hartzaileagoa eta gardenagoa» lortzeko.

Horrez gain, ondare publikoa zaintzeari buruzko sentsibilizazio kanpaina bat ere abiaraziko dute, horrek unibertsitateko bizi kalitatean duen eragin zuzena azpimarratuta. Ondare publikoa zaindu. Guztiona da leloa izanen du kanpainak, «erantzukidetasunaren ideia indartzeko» xedez.

Perez Iglesias: «Ondo, baina ez da nahikoa»

EHUk landu asmo duen protokoloari buruz mintzatu da Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Perez Iglesias ere. Esan du protokoloa «ondo» egon daitekeela eta «eragin onuragarriak» eragin ditzakeela, baina ez du uste «nahikoa» izanen denik. «Ez dakit noiz helduko diren protokoloaren ondorioak, prozesu bati buruz ari baitzaizkigu. Asmoen berri eman bai, esan digute zeintzuk diren, baina azken egunotan izan diren gertaerak kontutan hartuta, ez dut uste protokoloa nahikoa denik horri aurre egiteko».

Zehazki, Perez Iglesiasek uste du errektore taldearen iragarpenean «talde batzuen aipamena» falta dela: «Esaten ari dira elkarbizitza arazoak daudela, baina nik ez nuke horrela izendatuko. Ez dago baten eta bestearen arteko arazorik; hemen talde batzuk daude beste guztien aurka egiten ari direnak. Hori da ikusten duguna eta horiek ez dira aipatzen. Eta horrek ezinegona sortzen du unibertsitatearen komunitatearen zati handi batean».

Sailburuak onartu du ez dakiela zeintzuk diren arazoa konponbidean jartzeko neurriak —«ez dakit badagoen ere»—, baina gehitu du «mezuak jaso dituzten irakasleek» eskertuko lituzketela «beste mota bateko neurriak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!