Palestinaren aurkako genozidioa salatzeko antolatutako grebak oihartzun handia izan du hezkuntzan, nahiz eta sindikatuen eta Eusko Jaurlaritzaren datuen artean aldea egon. Manifestaziorik jendetsuenak eguerdian izan dira, baina goizean goizetik tentsioa nabaria izan da unibertsitate guneetan.
Goizean goiz, giro beroa zegoen EHUko campusetan. EHUk adierazi duenez, kontainer bat erre dute Leioan, autobusetan margoketak egin, eta barrikadak jarri. Ikamak Iruñeko Nafarroako Unibertsitate Publikoaren sarrera blokeatu du, eta Poliziak identifikatu egin ditu han parte hartu duten ikasleak. Antolakundeak jakinarazi duenez, isunak ipiniko dizkietela jakinarazi diete, eta «etengabeko mehatxuak eta grabaketak» jasan dituzte.
Ikamak berak Gasteizko campuseko fakultateetarako zenbait sarbide itxi ditu goizean, eta ertzainek lau pertsona identifikatu dituzte. Eguerdian hiriaren erdiguneko manifestazioa hasi bitartean, Ertzaintzaren presentzia handia izan da campusean. 10:30 aldera, beste hamasei kide identifikatu dituzte.
Gasteizen bi deialdi zituzten unibertsitate mugimenduek. Ikamak 11:00etan zuen deialdia egina, handik ordu erdira Andre Maria Zuriaren plazan 12:30ean izango zen manifestaziorako zutabeetako batean abiatzeko asmotan. Letren Fakultatetik abiatu den zutabean Ikamako kideak abiatu dira, Ikasleok Palestinarekin. Genozidioa gelditu lelopean, eta unibertsitateko zenbait langile ere bai. «Ibaitik itsasora, Palestina izango da» eta «Boikot Israel, Palestina askatu» oihukatu dute.
Plazara heldu den lehen zutabea izan da. Antolatuta zeuden beste bost zutabeak iritsi zain, jendetza pilatuz joan da. Desgaraian taldeak beste hainbat artistarekin batera kaleratu berri duen Tapia eta Leturiaren Wafa abestia megafoniatik aditzen zen bitartean iritsi da bigarren zutabea. Eta beste zutabe bat heldu denerako, gainezka zegoen Gasteizko plazarik esanguratsuenetarikoa.

Letren Fakultateko zutabea abiatu den ordu berean, 11:30ean, Ikasle Abertzaleetakoak abiatu dira Israel suntsitu! Palestinar erresistentzia aurrera! lelopean, Dato kaleko Ibiltaria-tik. Kale horretan barrena Andre Maria Zuriaren plazatik igaro, eta Foruen plazara bideratu dira, besteak beste «Israel hiltzaile, Europa laguntzaile» eta «Estatu sionista, estatu terrorista» oihukatuz. Bertan, Trumpen eta Netanyahuren irudiak eta «Sionisten aurka, gora palestinar erresistentzia!» aldarria zituen pankarta bat zabaldu dute bengala artean, manifestariak txaloka ari zirela.
Araba Jeneralaren kalean barrena zihoazela, eserialdia egin dute Carrefour supermerkatuaren parean. Manifestazioak egin dituzten beste herrietan ere, Israelekin lotura duten zenbait saltoki eta jatetxe boikoteatu dituzte —Donostian, McDonalds, esate baterako—. Carrefourretik Florida parkerantz joan dira, eta han egin dute amaierako ekitaldia. Bertan, Donostiako Trinitate plazan egin duten moduan, Israelgo bandera eta Trump eta Netanyahuren argazkiak erre dituzte.
Unibertsitatetik kanpo ere oihartzun zabala izan du grebak. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arabera, unibertsitatez kanpoko irakaskuntza publikoko irakasleen %42k egin dute bat greba deialdiarekin. Sindikatuek, berriz, adierazi dute Gipuzkoan eta Bizkaian %60 ingurukoa izan dela erantzuna, Araban handiagoa, eta Nafarroan «apalagoa». Haurreskolak partzuergoan %85ekoa izan dela adierazi dute, eta ikastoletan %80koa.
