Unibertsitatera sartzeko probako 1.778 euskara azterketa berrikusteko eskatu dute

Bilbon egindako agerraldi batean eman ditu Bengoetxeak azalpenak, eta nabarmendu du prozesu guztian «inpartzialtasuna eta neutraltasuna» bermatuko dutela.

EHUko errektore Joxerramon Bengoetxea, artxiboko irudian. MIGUEL TOÑA / EFE
EHUko errektore Joxerramon Bengoetxea, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE
arantxa elizegi egilegor
2026ko ekainaren 18a
22:12
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orotara 1.778 ikaslek eskatu dute unibertsitatera sartzeko proban egindako euskarako azterketa berrikusteko, ikasle guztien %14k. Eskaera egin duten ikasleetako zenbaitek 0 atera zuten azterketan. Hala azaldu du gaur arratsaldean Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, Joxerramon Bengoetxeak, Bilbon egindako agerraldi batean. Bengoetxeak nabarmendu du notak «behin-behinekoak» direla, eta behin betikoak datorren astelehenean argitaratuko dituztela. Bide batez, prozesu guztian «inpartzialtasuna eta neutraltasuna» bermatuko dituztela esan du, eta sistema «errespetatzeko» eskatu.

Kasuak hautsak harrotu ditu. Izan ere, gazteleraz ikasten duten Bilboko ikastetxe batzuetako ikasleek protestak egin zituzten unibertsitatera sartzeko proban —selektibitatean— emaitza kaskarrak atera baitzituzten Euskara eta Literatura ikasgaiko azterketan.

Ekainaren 2tik 4ra bitartean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 12.000 ikasle inguruk egin zuten unibertsitatera sartzeko proba. Horietako 11.507k gainditu dute, hots, %95,26k. A ereduko —euskara soilik ikasgaitzat daukatenak— Bilboko itunpeko bost ikastetxetako hirurogei bat ikaslek emaitza oso apalak eskuratu zituzten Euskara eta Literaturako azterketan; horietako askok 0 eta 2 arteko nota atera zuten. Azterketa zuzentzeko orduan huts teknikoren bat egon zitekeela susmatuta, gainbegiratzeko eskaera egin zuten. Geroztik, ugaritu egin da azterketa berrikusteko eskatu dute ikasleen kopurua. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA