UNRWAk, Bera Berak eta Juan Mari Atutxak jaso dituzte 2025eko Sabino Arana sariak

Eduardo Anitua medikua, Enrike Zelaia musikaria eta Etxeondo enpresa ere saritu dituzte.

Sabino Arana saridunak Arantxa Tapiarekin, gaur, Arriaga antzokian. MIGUEL TOÑA / EFE
Sabino Arana saridunak Arantxa Tapiarekin, gaur, Arriaga antzokian. MIGUEL TOÑA / EFE
Paulo Ostolaza.
2026ko urtarrilaren 25a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Arriaga antzokian eman dituzte 37. Sabino Arana sariak, gaur. Nazio Batuen UNRWA agentzia, Bera Bera eskubaloi taldea, eta fundazioaren presidente izandako Juan Mari Atutxa saritu dituzte, baita Eduardo Anitua medikua, Enrike Zelaia musikaria eta Etxeondo enpresa ere.

Arantxa Tapiak, Sabino Arana fundazioko presidenteak, azaldu du askotariko ibilbideak nabarmentzen dituztela sarien bidez, baina ezaugarri bat denak bateratzen dituena: «Gizarteari eskainitako zerbitzua eta Euskadirekiko konpromisoa». Tapiak nabarmendu duenez, saritutako norbanakoek eta erakundeek «sustraiak galdu gabe aurrera egiten duen benetako eta eguneroko Euskadi hori hezurmamitzen dute».

Pradales eta Esteban sariketara iristen, gaur. GORKA RUBIO / FOKU
Imanol Pradales eta Aitor Esteban sariketara iristen, gaur. GORKA RUBIO / FOKU

UNRWAren izenean, Raquel Martik jaso du saria, agentziaren Espainiako adarreko zuzendari exekutiboak, eta esan du saria «babes eta erresistentzia keinu bat» dela. Bera Beraren izenean, Tati Garmendia presidentea eta Alba Menendez kapitain ohia izan dira ekitaldian, eta, tituluak nabarmendu ordez, eskubaloi taldeak sustatzen dituen balioetan egin dute azpimarra. Oholtzara igo dira Anitua, Zelaia eta Etxeondoren sortzaileak ere, Rodrigo-Uranga sendiko kideak.

Azken saria Atutxak jaso du. Erakundeetan egindako ibilbidean lagun izan dituen guztiekin partekatu nahi izan du saria, eta, «bereziki, indarkeriaren urte gogorrenetan» haren «segurtasuna bermatu» zutenekin. Atutxak beharrezkotzat jo ditu memoria, bizikidetza demokratikoa eta «polarizazioari demokrazia gehiagoz eta hobeaz aurre egitea», eta gogoan izan du Begoña Zalduegi emaztea, 2023an zendua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.