Rosa Zarraren familia: «Zer 'paketetan' sartzen du Atutxak Rosi?»

Rosa Zarraren familiari barkamena eskatzeko aukeraz galdetuta, ETAk hildako hamabost ertzainekin nahastu zuen afera Eusko Jaurlaritzako Barne sailburu izandakoak asteburuan. Hori gaitzesteko, 'Mina minaren gainean' gutuna igorri du familiak BERRIAra.

Rosa Zarra oroitzeko ekitaldia, Donostiako Olaeta plazan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Rosa Zarra oroitzeko ekitaldia, Donostiako Olaeta plazan, iazko ekainean. ANDONI CANELLADA / FOKU
jon ordonez garmendia
2026ko urtarrilaren 30a
09:29
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Mina minaren gainean, eta amorrua, eta etsipena, sentipen ugari eta nahasiak; horixe da Rosiren senideek sentitu genuena urtarrilaren 25ean, telebistaren aurrean, Juan Maria Atutxa Sabino Arana saria eskuetan ikustean eta haren adierazpenak entzutean». Rosa Zarraren senideek gogor kritikatu dituzte Juan Mari Atutxak joan den asteburuan Zarraren auziaren inguruan esan zituenak. Eusko Jaurlaritzako Barne sailburu izandakoak adierazi zuen berak ez duela arazorik barkamena eskatzeko Zarraren heriotzagatik, baina Ertzaintzaren biktima horren afera ETAk hildako hamabost ertzainenarekin nahastu zuen: «Gauza asko sartu beharko genituzke pakete horretan: erailak izan ziren hamabost ertzainek ere, haren senitartekoek ere zerbait entzun nahiko dute». 

Maider eta Xabier Irazusta Zarrak eta Monika Refojos Irazusta eta Dani Goñi Irazustak, hurrenez hurren seme-alabak eta ilobak, Mina minaren gainean izenburua duen gutuna bidali dute BERRIAra, eta zera diote: «Zer paketetan sartzen du Rosi?». Gogoratu dute Zarra alabarekin jaitsi zela kalera egun hartan, alabak azterketak bukatu zituela ospatzeko eta afaltzera joateko, eta, arkupe batetik Donostiako Amara auzoan sortu ziren istiluei begira ari zela, ertzain batek pilotakada bota ziola sei eta zortzi metro bitartetik: «Ez!, Juan Maria Atutxak ez du barkamenik eskatu, eta ez du eskatuko». Zarra gomazko pilotakada jaso eta egun gutxira hil bazen ere, Atutxak desenkusatu egini zuen Ertzaintza: adierazi zuen aurretik zuen gaixotasun batengatik hil zela, eta berdin-berdin hilko zatekeela pilotak jo gabe ere. 

Ikusi gehiago

Ekainaren 30ean, Zarraren heriotzaren 30. urteurrenean, omenaldi bat egin zioten Zarrari senideek eta Egiari Zor fundazioak pilotakadak jo zuen lekuan, eta azaroaren 8an Donostiako Udalak plaka bat jarri zuen han, biktima gisa gogoratzeko. Bi ekitaldietan, Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordearen txostena eskuetan, alabak «esperantzari leiho bat irekitzearren» Atutxari gogorarazi zion eragindako mina aitortzeko eta barkamena eskatzeko aukera zuela, heriotzarengatik eta heriotzaren ostean berak, sailburu zela, egin zituen adierazpenengatik. Argudiatu zuten eurentzat ona izango zela, aringarri bat, eta gizartearen «elkarbizitza duin eta justu baterako» ere bai. Asteburuko adierazpenen ondoren, baina, azaldu dute ez diotela berriro eskatuko: «Gizartearen aitortzarekin, Balorazio Batzordearen lanarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Giza Eskubideen Sailetik jasotako aitortzarekin geratu beharko dugu oraingoz».

«Duintasunari ezin egin uko»

Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak 2025eko martxoan argitu zuen Ertzaintzak gertutik jaurtitako gomazko pilota batek hil zuela Rosa Zarra, 1995eko ekainean. Sabino Arana fundazioaren sarietan, baina, baldintzazko forma erabili zuen oraindik ere barkamenaz hitz egin zuen bi aldietan: «esan badute Ertzaintzaren jokaera ez zela izan beharreko lakoa» eta «erratuta egon baginen edo Ertzaintzak berak hanka sartzeren bat izan bazuen». ETAren indarkeria salatzeko eta horren biktimen sufrimendua aitortzeko, ordea, «tinko eta harro azaldu zen», Zarraren familiak dioen moduan.

«Gure eskuetan dugun Justizia Sailaren ebazpenak argi uzten du Rosiren heriotza 'naturala' izan zela zioen bertsio ofiziala adostutako gezur eta injustizia nabarmena izan zela. Bi auzitegi medikuk sinatutako txostenak zientifikoki eutsi ezin den heriotza arrazoi bat jaso zuen. Epaile batek, ikerketarik egin gabe eta familiaren auzitegi medikuaren txostena baztertuz, kasua azkar batean artxibatu zuen. Eta, berehala, lau haizeetara, Rosiren heriotza osasun arrazoi naturalez gertatu zela zabaldu zuen Barne Sailburuak. Zaila egiten zaigu, mina minaren gainean pilatzen zaigunean, buruari hotz eustea eta neurritsu idaztea. Duintasunari, ordea, ezin egin uko», diote gutunaren amaieran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.