UPNk otsailaren 13an erabakiko du nor izango den lehendakarigaia foru bozetan

Otsailaren 3tik 10era arteko epea irekiko da hautagaitzak aurkezteko, eta hilaren 13an Kontseilu Politikoak erabakiko du nor izango den zerrendaburu Nafarroako foru hauteskundeetan.

Cristina Ibarrola UPNko presidentea, alderdiaren kontseilu politikoan. JESUS DIGES / EFE
Cristina Ibarrola UPNko presidentea, alderdiaren kontseilu politikoan. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2026ko otsailaren 3a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtebete pasa geratzen da Nafarroako foru hauteskundeetarako, eta alderdiak makineria berotzen ari dira. Bozei begira, zerrendak osatzen dihardu UPNk, eta posturik garrantzitsuena aurki erabakiko du. Otsailaren 3tik 10era arteko epea dute alderdiko kideek hautagaitza aurkezteko. Otsailaren 13an Kontseilu Politikoa egingo du, eta hango ordezkariek hautatuko dute nor izango den zerrendaburua. Ikusi beharko da zer egiten duen Cristina Ibarrolak. Iraganean esan izan du Iruñeko Udaleko zerrendaburu izateko asmoa zuela, baina orain ikusi beharko da lehendakarigai izan nahi ote duen.

Duela bi urte, UPNren kongresuan alderdiko botere organoak Ibarrolaren eta Alejandro Toquero Tuterako alkatearen artean banatu zituzten. Bien artean ez lehiatzeko akordioa izan zuten, baina orain, hauteskundeen zerrendak osatzeko orduan, Toqueroren taldeak pultsua bota dio Ibarrolari. 

Lehendakarigaia aukeratzeko prozesuaz harago, zerrendako gainerako ordezkariak hautatzeko proposamena UPNko hauteskunde batzordeak egiten du, eta organo horretako kideak Ibarrolak proposatzen ditu. Toquerok eta Erriberako hainbat hautetsik eskatu dute foru bozetako zerrenden goiko postuetan hainbat kide sartzea. Era berean, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan Senatuko zerrendaburua euren taldeko kide bat izatea nahi dute.

Toqueroren aurkako salaketa

Pultsua garai politiko txarrean heldu da Toquerorentzat. Izan ere, Nafarroako Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa (OANA) ikertzen ari da Tuterako Udalak kontratu publiko bat zatitu ote zuen lizitaziorik ez egiteko. OANAren arabera, Gesabogados abokatu bulegoak 29.000 euro jaso zituen Nilsa sozietate publikoaren biogas planta bati buruzko azterketa juridikoa egiteagatik. Gesabogados taldeko kideetako bat, Miguel Etxarri, UPNren zuzendaritzarekin erlazionatuta dago.

Era berean, jakin berri denez, OANA ikertzen ari da Tuterako Udalak 2022an eta 2023an Union Tudelano futbol taldeari emandako diru laguntzak ere; atzeman duenez, baliteke irregulartasunak egotea. Kasu hori ere Zurekin Tutera taldeak salatu du, eta haren edukia aztertzen ari da OANA. Salaketaren arabera, Tudelanok zorrak zituen udalarekin, eta ezin zen laguntza publikoen deialdietara aurkeztu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.