UPNk salatu du zinegotzi bati eraso egin diotela Burlatako jaietan

Carlos Oto Burlatako Udaleko zinegotziari egin zioten eraso atzo, UPNren egoitzan. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak erasoa gaitzetsi du.

Burlatako Udala. BURLATAKO UDALA
Burlatako Udala. BURLATAKO UDALA
nerea intxausti
2026ko abuztuaren 16a
13:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Burlatako jaietan (Nafarroa) Carlos Oto udaleko zinegotziari eraso egin ziotela salatu du UPNk. Atzo, alderdiaren egoitzan herriko jaiak ospatzen ari ziren, eta ohar batean kontatu dute pertsona bat sartu zela eta Otori kolpe bat eman ziola bularrean. «UPN kanpora» eta zenbait irain oihukatu zituztela ere jaso dute. Otok mediku arreta behar izan zuen. 

UPNkoek ziurtatu dute erasoa «ezker abertzale erradikalak» egin duela: «UPN bezalako alderdiei sektore erradikal abertzaleak jasanarazten digun indarkeria fisikoa eta hitzezkoa erabat baztertu behar da gure gizartetik. Bestela, ez dago ustezko bizikidetzaren aldarrikapenik, [Nafarroako] Gobernuak hala esan arren». 

Adierazi dute ordezkari publiko bati horrelako eraso bat egitea ez dela onargarria demokrazian, eta alderdi guztien kondena merezi duela, salbuespenik gabe. «Are gehiago herriko festetan gertatzen bada, giro onaren, bizikidetzaren eta errespetuaren isla izan behar baitute», erantsi dute. Babesa adierazi diote alderdikideari, eta berretsi diote «betiko intoleranteen mehatxuen aurrean» ez atzera egiteko.

Babes zabalagoa

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak ere erasoa gaitzetsi du X sare sozialaren bidez: «Indarkeriak ez du tokirik izan eta ez du izango gure gizartean», azpimarratu du. «Gertaera tamalgarri» hori deitoratu du, eta babesa eta elkartasuna adierazi die erasoa jasan duen zinegotziari eta UPNri. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA