Aurrera begira, UPNK hitzordu garrantzitsua izango du datorren urte hasieran. Egun, Navarra Suma koalizioko kide den alderdiak ohar bidez jakinarazi du XII. Kongresua egingo duela «2020ko lehen hilabeteetan». Gaur, alderdiaren zuzendaritzak proposamen hori egin du, eta datorren larunbateko kontseilu politikoan jarriko zaio data. Batzarraren ezaugarriak ere orduan zehaztuko dituzte.
UPNk duela lau urte egin zuen batzarra. Orduan, estatutuak berritzeaz gain, lehendakari karguan berretsi zuen Javier Esparza. Alderdiari ere nolabaiteko irekitasun bat eman nahi izan ziotela irudikatu arren, eskuineko alderdiak apenas aldatu duen bere diskurtsoa. Kongresuari begira, eztabaidagai izan daiteke zer jarrera izan Navarra Sumarekin. Hauteskunde emaitza onak lortu arren, UPNK ez du izan Nafarroako Gobernura itzultzerik, eta duela bi aste Miguel Sanzek onartu egin zuen UPNren irudia «apur bat nahasita» zegoela Navarra Suman.