Uraren kutsaduran jarri dute arreta Orion

'Gure Gaskuña' itsasontziko sutea itzali dute, baina erregaiak ura kutsatzea saihestu nahi dute.

'Gure Gaskuña' arrasteontzia, erdi hondoratuta. BERRIA
'Gure Gaskuña' arrasteontzia, erdi hondoratuta. BERRIA
jakes goikoetxea
2026ko irailaren 25a
09:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Airearen kutsadura zen atzoko kezka, uraren kutsadura da gaurkoa. Gure Gaskuña itsasontziaren suteak eta hura itzaltzeko lanek ke laino handia eragin zuten atzo hainbat orduz Orion (Gipuzkoa). Gaur, sutea itzalita, itsasontziak uretara isuri dituen eta isuri ditzakeen erregaia eta bestelako substantzia toxikoak dira kezka. Eusko Jaurlaritzak Itsasertza Planaren alerta fasea ezarri zuen atzo gauean. Itsasertza kutsatu dezaketen gertakariei aurre egiteko plana da. Oraingoz, itsasontzia buiekin hesitu dute, erregaia isuriz gero, ez zabaltzeko.

Eusko Jaurlaritzak zehaztu duenez, Itsasertza Planaren alerta fasea ezartzeak esan nahi du beharrezko baliabideak antolatuko dituztela ibaia eta itsasoa kutsatu direla atzemanez gero. Oria ibaiaren itsasadarrean gertatu zen istripua, Oria ibaiak eta Kantauri itsasoak bat egiten duten lekuan, itsaso aldeko portuan. Gure Gaskuña Ondarroako (Bizkaia) arrasteontziak su hartu zuen, mantentze lanak egiten ari zirela. Hiru pertsona artatu behar izan zituzten kea arnasteagatik, eta horietatik bi Donostia ospitalera eraman zituzten.

Erdi hondoratuta

11:45ean piztu zen sua, baina ez zuten itzali gauera arte. Lurretik eta uretatik aritu ziren sua itzaltzen suhiltzaileak eta itsas salbamenduko ontziak. Itzaltze lanak uste baino gehiago luzatu ziren. Atzo gauean suak itzali gabe jarraitzen zuen, baina kontrolatuta. Lurretik eta uretatik aritu ziren sua itzaltzen. Itsasontzia amarratuta zegoen, baina arratsaldean makurtu egin zen. Orain erdi hondoratuta dago, sutearen eta sutea itzaltzeko erabilitako likido guztiaren eraginez. Eusko Jaurlaritzaren arabera, berriz azaleratu beharko dute.

Ipar haizeak kea herrira zabaldu zuen. Eusko Jaurlaritzak leihoak ixteko gomendatu zien Aiako eta Orioko herritarrei. Orioko Udalak zabaldutako oharraren arabera, airearen kutsadura ez zen «larria», baina, badaezpada, itxi egin zuen hondartza ingurua —hondartza ez—. Aire libreko eta hondartza eta ibai inguruko jardurak saihesteko ere gomendatu zuen. Gaur zabalik dago hondartza eremua.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA