INDARKERIA MATXISTA

Urbasako hilketa indarkeria bikarioa dela salatu dute ehunka lagunek Lizarran

Elkarretaratze jendetsua egin dute, Estellerriko Mugimendu Feministak deituta. Espainiako Berdintasun Ministerioak ikerketa abiatu du, eta Estellerriko Mugimendu Feministak hilketa matxistatzat jo du.

Jendetza batu da gaur iluntzean Lizarrako Koroatze plazan, umearen hilketa gaitzestera. IñIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko azaroaren 8a
18:27
Entzun

Ehunka lagun elkartu dira asteazken iluntzean Lizarran (Nafarroa), Mateo Apestegi haurraren hilketa gaitzesteko, eta salatzeko indarkeria bikarioko kasu bat dela. Estellerrian samin handiko egunak dira hauek, herenegun amak 7 urteko umearen desagerpena salatu eta haren gorpua agertu zenetik. Babes keinu ugari adierazten ari zaizkie amari eta senideei ere. Atzo arratsaldean egin zuten haurraren hileta, Lizarrako eliza goraino beteta, eta iluntzean jendetza batu da Koroatze plazan Estellerriko Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzera. Bortizkeria bikarioaren kontra. Indarkeriarik gabeko bizitzak orain lelopean, adingabearen heriotza bortxa matxistaren ondorio dela aldarrikatu dute herritarrek kalean.

Haurraren hilketa indarkeria bikarioko kasu bat izan daitekeela uste du Espainiako Berdintasun Ministerioak ere, eta ikerketa abiatu du zer gertatu den argitzeko. Guardia Zibilaren helikoptero batek aurkitu zituen haurraren eta haren aitaren gorpuak, Urbasan, Ubabako amildegian, eta autopsiak baieztatu zuen aitak salto egin zuela 7 urteko semeari helduta. Indarkeria bikarioko kasua dela egiaztatuko balitz, hamabi lirateke 2003tik Euskal Herrian bortxa matxistaren ondorioz hildako haurrak.

Estellerriko Mugimendu Feministak ere bat egin du indarkeria bikarioaren hipotesiarekin. «Herrian, hasieratik argi genuen hau ez zela istripu bat», esan dio BERRIAri mugimenduko kide Patricia Nuñez Pittok: «Autopsiaren ostean, are argiago dugu indarkeria matxista dagoela kasu honen oinarrian».

Ikusi gehiago:Norma Vazquez, psikologoa: «Biktima diren andreek presio handia jasaten dute umeei aita ez 'kentzeko'»

Nuñezen ustez, gizonaren helburua zen «amari ahalik eta min handiena ematea, horretarako semea erabiliz». Hala ere, kasuak hedabideetan izan duen isla txarretsi du mugimendu feministako kideak: «Kasu honetan, gizon horren aurkako salaketarik ez zegoen, eta askok berehala esan dute gizon arrunta eta, are, atsegina zela. Hori da arazoa, hain zuzen: gizon hori, erasotzaile hori, beste asko bezalaxe, patriarkatuaren seme sano bat zela».

Bestalde, Nuñezek azaldu du hilketak agerian uzten dituela sistemaren hutsuneak: «Argitu beharra dago pertsona hori gai ote zen seme-alaben zaintza bere gain hartzeko, eta, ondorioztatzen baldin bada ezetz, erantzukizuna nork duen zehaztu beharko da». Hori dela eta, Estellerriko Mugimendu Feministak «babes, sostengu eta elkartasun erabatekoak» adierazi dizkie «hildako mutikoaren amari, lehenik eta behin; eta bestetik, familia osoari».

Lizarraz harago, Euskal Herri osoan ozendu dira indarkeria bikarioaren aurkako hotsak. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak, adibidez, hilketa matxista gaitzetsi, eta «gizartearen antolaketa sexistari» erreparatu dio: «Badakigu indarkeria matxistak hamaika aurpegi dituela eta emakumeok bizitzako alor guztietan jasaten dugula indarkeria hori. Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo politikotzat hartu dadila eskatzen dugu». Horrez gain, «autodefentsa feministarako deia» egin dute: «Gure bizitzak jokoan daude, bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu, eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak».

Hain justu, Mundu Martxak deituta, gaur arratsaldean ere hainbat elkarretaratze izango dira; besteak beste, Hegoaldeko hiriburuetan.

Elkartasun mezuak

Nafarroako Gobernuak ere elkartasuna adierazi dio Mateo Apestegiren familiari, eta eskura dituen baliabide guztiak eskaini, «gisa horretako egoera mingarri bati aurre egin diezaion». Amparo Lopez bozeramaileak adierazi du gobernuak «zuhurtziaz» jokatuko duela, aintzat hartuta familiarentzat «oso gogorra» dela egoera, eta ez du krimena esplizituki lotu nahi izan indarkeria matxistarekin: «Zenbait egoera argitu behar dira, eta auzitegiei dagokie hori ebaztea, ez gobernuari».

Hala ere, Lopezek nabarmendu du Nafarroako Gobernuak «laguntza psikologiko osoa» eskaini diela, bai Lizarrako ikastolako komunitateari —hango ikaslea zen hildako mutikoa—, bai hildakoen senideei. «Hezkuntza eta Barne kontseilariek prestasun osoa dute laguntza emateko bide guztiak aztertzeko».

EH Bilduk ere «doluminak, elkartasuna eta babesa» adierazi dizkie amari, familiari, lagunei eta Lizarrako hezkuntza komunitateari, eta indarkeria bikario gisa definitu du Urbasako hilketa: «Emakumeari sufrimendua eragiteko, seme-alaben aurkako indarkeria erabiltzen da, eta horiek ere biktima zuzen bihurtzen dira; amei eragiten zaien muturreko kaltea da, eta ondorioz, indarkeria matxista mota guztiak bezala, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina dakar». Horregatik, koalizio abertzaleak bat egin du mugimendu feministak antolatutako protesta deialdiekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.