Egitasmo bat aurkeztu dute Urdaibaiko padurak arriskuetatik defendatzeko tresna indartsuagoak izan ditzan

'Urdaibai bada nor' kanpaina sustatu du legelari eta ingurumen zientzialari talde batek. 10.000 sinadura lortu nahi dituzte Eusko Legebiltzarrean herri ekimen legegile bat aurkezteko. Hezeguneak nortasun juridiko propioa izatea da horren xedea.

Miguel Aranburuzabala, Nieves Teran, Roberto Uriarte eta Ana Paralle, Bilbon egindako aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Miguel Aranburuzabala, Nieves Teran, Roberto Uriarte eta Ana Paralle, Bilbon egindako aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / FOKU
kristina martin
2026ko maiatzaren 8a
15:47
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ingurumen arloko zientzialari eta legelari talde batek sustatu du herri ekimen legegile bat, zertarako eta Urdaibaiko biosfera erreserbako padurak nortasun juridiko propioa izan dezan. Herri ekimen legegile hori Eusko Legebiltzarrean aurkeztu nahi dute, eta, horretarako, 10.000 sinadura biltzeari ekingo diote. Babes hori lortzeko Urdaibai bada nor izeneko kanpaina abiatu dute, eta horren berri eman dute gaur Bilbon.

Eusko Legebiltzarrean onartuta ere, beste pauso bat egin beharko luke, Espainiako Diputatuen Kongresuak baitu azken hitza. Hori lortuko balute, Bizkaiko naturagune hori, babestua izateko eskubide izateaz gain, eskubideen subjektu ere izango litzateke, eta, horri esker, bere burua defendatzeko ahalmena izango luke. Kanpaina horren bultzatzaileen artean daude Nieves Teran legelaria eta ingurumenean aditua, Roberto Uriarte EHUko Zuzenbide irakaslea, Ana Paralle Bizkaiko Greenpeaceko koordinatzailea eta Miguel Aranburuzabala EHUko doktoregaia.

Aurkezpenean esan dutenez, Urdaibaiko padura EAEko hezegune nagusia da, eta hegazti migratzaileek negua igarotzeko eta atseden hartzeko eremu oso garrantzitsua. Haien ustez, «babestea» ez da nahikoa: pauso bat harago joatea proposatu eta padura «defendatzera» deitu dute.

Kanpaina horren bultzatzaileek Mediterraneoko Mar Menor (Murtzia, Espainia) albuferak egindako bidea dute erreferente. Izan ere, 19/2022 Legeak ahalbidetuta, izaera juridiko propioa lortu duen Europako lehen ekosistema da. Kasu hartan ere herri ekimen legegile baten bidez sustatu zuten, eta Espainiako Kongresuak oniritzia eman zion. Urdaibaiko padura bide berean jarri nahi dute, eta Eusko Legebiltzarraren abokatuei aurkeztu diete jada ekimen legegilearen testua. Azaldu dutenez, letraduek oniritzia eman diote.

Datozen asteotan abiatuko dute sinadura bilketa —gutxienez, 10.000 behar dituzte—, eta, legebiltzarrera iristen denean, espero dute talde politiko guztien babesa lortzea. Hartara, hori lehen garaipena izango litzateke, behin Eusko Legebiltzarraren babesa lortuta, Espainiako Diputatuen Kongresuan aurkeztu beharko dutelako, erakunde hark duelako izendapen hori egiteko eskumena.

Ekosistema pasibotik aktibora

Izaera juridikoa izatearen abantailak argitzeko garaian, Uriartek nabarmendu du ekosistema pasibotik aktibora igarotzeko aukera emango diola, hots, besteen proposamenen zain egon gabe, bere burua babesteko proposamenak egiteko ahalmena izango duela. Adierazi dutenez, «eremu horrek duen erakargarritasuna eta kokapen pribilegiatua» kontuan hartuta, ingurunea arriskuan jar dezaketen proiektu asko egon daitezke.

Horregatik, ezinbestekoa da haren babes sistema eguneratu eta indartzea, eremuari eskubide jakin batzuen titulartasuna aitortuta: «Ekosistema gisa existitzeko eskubidea, osotasun ekologikorako eskubidea, arrisku jardueretatik babesteko eskubidea, kontserbazio aktiborako eskubidea eta lehengoratze eta konponketa integralerako eskubidea», zehaztu dute.

Ekologistak Martxan, Eguzki, Zain Dezagun Urdaibai, Fridays For Future eta Greenpeace talde ekologistak ekinbidearen aldekoak dira. Jende ezagunen artean ere eskuratu dute babesa; besteak beste, kultura arloko honako hauek: Imanol Uribe, Karra Elejalde, Amparanoia, Montxo Armendariz, Ruper Ordorika, Asier Etxandia, Edorta Jimenez eta Natxo de Felipe. Bestalde, kirol arloan ere horren alde azaldu dira Aritz Aranburu, Koikili Lertxundi, Kepa Acero eta Adur Amatriain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA